"Atez ateko sistemaren inguruan, esan, Aretxabaletako herritarrak pozik egoteko moduan gaudela, aretxabaletarren %90ek jaso dituztelako banatu diren ontzi guztiak; Debagoienean, herritarrek jaso duten portzentaje handiena, hain zuzen ere", jakinarazi du Martinez Axpek. Hori horrela, Udal Gobernuko kideek eskerrak eman gura dizkiete herritarrei: "Eskerrak erakutsitako konpromisoagatik. Eta ziur gaude hondakinak ondo sailkatu eta Aretxabaleta birziklapenaren herri eredu bilakatuko dugula guztion artean".
Batzarra etorkinekin
Atez atekoa abian jarri aurretik, uztailaren 9an etorkinekin batzarra egingo dute Arkupen, 18:00etan, aurretik gainerako herritarrekin egindako moduan. Helburua da Aretxabaletan bizi diren etorkinei atez ateko hondakin bilketa sistemaren gaineko argibideak ematea. "Eta ondo egin nahi badugu eurak ere zati garrantzitsua direla jakinaraztea da gure asmoa", argitu du Ingurumen zinegotziak. Informatzaile batek emango dizkie azalpenak gazteleraz, eta ulertzeko arazoak dituztenendako eta galderak erantzuten laguntzeko bi etorkin egongo direla itzultzaile lanak egiten iragarri du.
Hobariak konposta egiten dutenei
Astelehenean egindako osoko bilkuran onartu zuten (Udal Gobernukoen baiezkoarekin) hobariak ematea konposta egiten duten herritarrei. Lau talde egin dituzte: %25eko hobaria izango dute zaborraren gaineko zergan auzokonposta eta autokonposta egiten duten herritar guztiek; %25eko hobaria, hondakinak ekarpen-gunera eramaten dituzten baserritarrek; %50eko hobaria, ekarpen-gunera eraman barik konposta etxean egiten duten baserritarrek; eta %60ko hobaria izango dute landa-guneko bizilagunek, auzoko bizilagun guztiek egiten badute konposta.
Laguntzak jasotzeko konposta egiten dela bermatu beharko da eta horretarako ikuskatzaile bat izango dela iragarri dute.