Hondakin bilketa sistemaren gaineko kontsulta egiteko eskatuko dio bosgarren edukiontziaren aldeko plataformak Udalari

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 4a, 08:00

Hainbat edukiontzi Aretxabaletako kalean.

Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformako kideek hondakin bilketa sistemaren gaineko herri kontsulta bultzatu gura dute. Horren aldeko 1.800 sinadura inguru jaso dituzte, eta datorren astean aurkeztuko dituzte horiek udaletxean kontsulta egiteko eskaerarekin batera.

Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformako kideek uste dute aretxabaletarrak "arduratuta eta kezkatuta" daudela atez ateko hondakin bilketa sistema dela-eta: "Sistema berriaren ezarpena kudeatzeko Udalak erabili duen bidearengatik edo sistema desberdinek herritarren ongizatean duten eta izango duten eraginagatik", diote.

Hori horrela, hondakin bilketa sistemaren gaineko herri kontsulta bultzatu gura dute, eta horren aldeko sinadurak jaso ostean, datorren astean aurkeztuko dituzte udaletxean horiek kontsulta egiteko eskaerarekin batera.

Mozioa iraileko osoko bilkuran

Ekainean hasi ziren kontsultaren aldeko sinadurak jasotzen eta dagoeneko 1.800 dituzte. 810 behar zituzten eskaera egiteko (botoa emateko eskubidea dutenen %15), eta oso pozik daude "aise" gainditu dutelako hori: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Aretxabaletako Udalari galdeketa egin dezan eskatzeko beharrezkoak diren sinadurak jasotzea posible egin duten herritar guztiei".
Plataformako kideek dagoeneko egin dute berba oposizioko alderdiekin, eta EAJko eta PSE-EEko zinegotzien babesa jaso dute. Hala, mozio bitartez aurkeztuko dute kontsulta egiteko eskaera. Hauxe izango da eskaera hori: "Egun indarrean dagoen eta Aretxabaletako Udalak ezarri nahi duen etxe hondakinen bilketa sistemen artean herritarren iritzia ezagutzeko herri-kontsulta antolatzeko eskatzen dugu hau sinatzen dugunok". Iraileko osoko bilkuran aurkeztuko dute hori. Eta argitu dute: "Herritarrei hitza ematea, eta, herri gisa erabakitzen duguna errespetatzea eskatzen dugu".
Badakite atez atekoa berehala datorrela, baina aurrera jarraituko dute: "Herritarron iritzia lehenestea eskatzen diegu udalbatzarreko alderdiei".

Alkatea haserre

Plataformako ordezkariak Arkupen bilera eginda eman die galdeketa egiteko asmoaren berri komunikabideei. Alkatea haserre agertu da horregatik, Arkupeko gelak erabiltzeko baimen eskaerarik ez duelako egin, eta "joko zikinean" dabilelako "beste behin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak