Hala, lau talde egin dituzte: %25eko hobaria izango dute zaborren gaineko zergan auzo-konposta eta auto-konposta egiten duten herritar guztiek; %25eko hobaria jasoko dute hondakinak ekarpen gunera eramaten dituzten baserritarrek ere; %50eko hobaria, ekarpen gunera eraman barik etxean konposta egiten duten baserritarrek; eta %60ko hobaria jasoko dute landa-guneko auzotarrek, auzoko bizilagun guztiek egiten badute konposta. Laguntzok jasotzeko konposta egiten dela bermatu beharko da eta horretarako ikuskatzaile bat izango dela jakinarazi zuten.
Aralarko zinegotziak abstenitu egin ziren esanaz herrian konposta egiteko gune bakarra dagoela eta herritar askok ez dutela horretarako aukerarik.
EAJko Haritz Solupe bat etorri zen ekimenarekin, baina esan zuen Aretxabaletako auzo-konpostari oraindik "heldutasuna" falta zaiola, eta ezetza eman zion proposamenari.
Diru-laguntzen gaineko plan estrategikoa
Diru-laguntzen gaineko plan estrategikoa ere onartu zuten. Izan ere, errekerimendua iritsi zen maiatzean udaletxera Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren izenean, presoen senideei garraiorako bideratutako partida baten ondorioz. Plana dagoeneko eginda dago eta orain 30 egun egongo da ikusgai; behin onartutakoan, laguntzok banatzen jarraituko du Udalak, hortaz, lasai egoteko esan zien alkateak herritarrei eta elkarteei.
Abdikazioaren gaineko mozioa
Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren gaineko mozioa onartu zuten, nahiz eta EAJko Solupek bozkatzerik ere ez zuela merezi esan. Hala, onartu zuten "herri honek ez diola zilegitasunik onartzen Espainiako koroaren inongo ordezkariri"; eta Euskal Herriaren "erabakitzeko eskubidearen alde" lanean jarduteko deia egin zieten alderdiei eta herritarrei.