Zapatuan banatu zituzten 26. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoaingo Bastero kulturgunean. Eta hantxe jaso zuen 9.000 euroko saria Beñat Zamalloa Aretxabaletako kazetariak. "Ekainaren 2an jakinarazi zidaten, eta sekulako zoriona izan zen", esan dio Goienari sari banaketa ekitaldiaren ostean.
Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua eta Zamalloak 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz zenbait hedabidetan egindako jarraipenarengatik jaso du lehen saria: "Epaimahaiak nire lanaz egin duen irakurketarekin oso pozik nago. Nik aurkeztu nuen sariketara Berria-rako egindako lana, baina baloratu dute beste hedabide batzuetarako ere egindakoa, Hamaikarako eta Bizkaia Irratirako egindakoa, beraz, oso pozik nago".
Baina Goienako kolaboratzaile ere izan da Zamalloa. 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketaren jarraipena berak egin zuen Goienarako eta urte bereko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren gainean egindako saioetan ere partu hartu zuen Goiena Telebistan.
Beste bi sari
Garikoitz Goikoetxea Berria-ko kazetariak eskuratu du kazetari berriaren saria, iazko udan Euskal Herriko biztanleriaren inguruan eginiko erreportaje sailarengatik. Horrez gain, GAL 30 urte Berria-k eginiko multimedia lanari eman diote epaimahaiaren sari nagusia. 1983 eta 1987 artean GALek egindako ibilbidearen eta atentatuen kontaketa da ardatza.