Konposta, landaretza eta ibaia izan dituzte berbetagai gaztetxoek udalbatzarreko kideekin

Mirari Altube Arrese 2014ko mai. 27a, 17:57

Osoko bilkuran izan ziren astelehenean 6 eta 15 urte arteko Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako gaztetxoak. Eskola Agenda 21 programa barruan biodibertsitatearen gainean landutako azken kontuen berri eman gura izan zieten zinegotziei eta hainbat eskaera egin.

Lehen Hezkuntzako neska-mutiko gazteenak, 6 eta 8 urte artekoak, konpostagailuetara joan dira ikasturtean zehar; konposta jaso eta zomorroak bilatu dituzte. Horren harira, Udalari eskatu diote sortutako konposta herriko parkeetan erabil dezala. Lore Martinez Axpe Ingurumen zinegotziak erantzun zien Txarapea ibilbidean konposta egiten dutenen artean bilera egingo dutela zer egin horrekin zehazteko.

8 eta 10 urte artekoek ostera landaretza eta haziak aztertu dituzte inguruko lorategiak, baratzeak eta parkeak bisitatuta. Eta astelehenean egindako eskaeren artean egon ziren txakurren kakak jasotzeko neurri zorrotzagoak hartzea eta urtaroaren araberako landareak landatzea lorategietan, baita barazkiak ere. "Landaketak egiten dituen boluntario talde bat badago herrian, baita Makai lorezaintza enpresa ere eta guztion artean hausnartuko dugu eskaera horren gainean", erantzun zien zinegotziak.

Deba ibaia aztertu dute 10 eta 12 urte artekoek. Ibaia garbi mantentzeko kanpainarekin jarraitzeko eskatu diete Udal ordezkariei horiek. Iazko legez aurten ere ibaia garbitzeko deia egingo duela mankomunitateak jakinarazi zien Martinez Axpek: "Esan diet: badakizue zenbat etorri ziren iaz ibaia garbitzera? 9 lagun. Eta harrituta geratu dira".

Lantegiei jarraipena

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleek, ostera, herriko berdeguneen gaineko hausnartu dute; baita Urkulu inguruan likenak aztertu ere. Eta Udalari eskaera zehatza egin: "Lantegiei jarraipen zorrotzagoa egitea, zakarrontzi gehiago jartzea eta kontzientzia kanpaina bat bultzatzea Udalak", zioen Uxue Zunzunegi ikasleak.

Gaztetxoek gustura jardun zuten kontu-kontari eta egindako eskaerak adi-adi jarraitu zituzten udalbatzako kideek. Orain eurei dagokie lanean hastean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak