Hainbat alderditako 20 bat zinegotzi elkartu ziren udaletxeko atarian. Eta ikurrinak eskuartean hartuta Espainiako banderak ez dituela aretxabaletarrak ordezkatzen jakinarazi zuten.
Banderak eta koloreak ez dituztela gutxiesten gaineratu zuten, esanaz, ordezkatzen dituzten lurraldeetako ikur izatea zilegi dela. Baina argi utzi zuten aretxabaletarren gehiengoa ikurrinak ordezkatzen duela, eta horregatik merezi duen presentzia eman gura diotela.
Apirilaren 11n omenaldia
Era berean, herritarrak gonbidatu zituzten etxeetako balkoi eta leihoetan ikurrinak zintzilikatzera, eta dagoeneko hasi dira horiek jartzen. Ikurrina omentzeko apirilaren 11n, hau da, datorren barikuan, egingo diren ekitaldien berri eman zuten eta horietara gonbidatu zituzten herritarrak.
Apirilaren 14rako jarrita egon beharko du bandera espainolak Aretxabaletako udaletxean. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak egindako errekerimenduak eta 696/2013 epaiak behartu dute horretara.
Gutxik izango dute gogoan azkenekoz noiz izan zen bandera hori udaletxeko balkoian.