Aretxabaletan ez ohiko osoko bilkura egin zuten astelehenean. Bertan jorratu zituzten gaien artean, Aretxabaletako Udaleko Euskararen Erabilera Plana izan zuten berbagai. Euskararen erabileraren derrigortasun indizea %72an kokatzen da Aretxabaletan gutxi gorabehera, baina praktikan hobea dela azaldu zuen Iñigo Louvelli Euskara eta Hezkuntza zinegotziak.
Bestalde, ez ohiko osoko bilkuran onartu zuten baita ere aurrerantzean Udalaren ordezkaria Debagoieneko kirol batzordean izango dela Tomas Fernandez Bilduko zinegotzia. Bederatzi aldeko botorekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten hori.
Eta boto kopuru beraz onartu zuten baita ere EH Bilduk aurkeztu zuen euskal preso politikoen eskubideen aldeko mozioa. Ana Bolinaga alkateak adierazi zuen espetxeetan ez direla bermatzen euskal preso politikoen eskubideak. Gaineratu zuen horren adierazle dela isolamendua, bai presoek eurek eta baita euren senideek ere jasaten duten isolamendua. Eta alkateak azpimarratu zuen ziklo berri honetan eman beharreko urratsak garrantzitsuak direla.
Amaitzeko, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen adierazpena ere aho batez onartu zuten asteleheneko ez ohiko osoko bilkuran. Bolinaga alkateak azaldu zuen 2013ko otsailaren 28an Legebiltzarrean aho batez onartu zutela Euskal Herriko Musika Eskolek %33ko finantziazioa izango zutela, baina hori aho batez onartu arren, oraindik musika eskolen finantziazio iturria %14koa besterik ez dela salatu nahi izan zuten adierazpena onartuta.