Txingorrak kaltetutako pinudiak moztea proposatu dute Aramaioko bileran

Amaia Txintxurreta Guridi

Txingorragatik kaltetutako basojabe ugari, azalpenak entzuten, astelehenean egin zuten bileran. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Abuztuaren 8ko txingorrak basoetan eragindako kalteak eta horien ondorioak aztertu zituzten atzo, astelehena, egindako hitzaldian. Aretoa bete egin zen, eta 50 herritar inguru izan ziren azalpenak entzuten. Eskala handiko mozketek "hasiera berri baterako bidea" ematen dutela diote.

Atzo arratsaldean egindako hitzaldiaren helburua izan zen abuztuaren 8ko txingorrak zuhaitzetan izan dituen ondorioak azaltzea eta basoak berreskuratzeko har daitezkeen neurriei buruz ere aritu ziren.

Asier Agirre alkateak egin zuen hasierako aurkezpena, eta, ondoren, Tantai Baso Jabe Kooperatibako Markel Arriolabengoa, Arabako Basogintza Elkarteko Amelia Uria eta Aramaioko basozain berria, Julen Vilalta, aritu ziren hizlari.

Txingorrak 2.000 hektarea baino gehiagoko azalera kaltetu zuen. Hasierako kalteak zuhaitzetan eragindako zauriek sortu zituzten, baina Sphaeropsis sapinea onddoa, diplodia izenez ezagutzen dena gehitu zaie. Onddo hori zaurietatik sartzen da zuhaitzetan, adarrak zimeltzen ditu eta, kasu larrienetan, pinuak aste gutxian lehortzera irits daiteke. Pinudiak izan dira eragin handiena jasan dutenak eta egoera "oso larrian" daude.

Kaltetutako pinudiak moztea

Egoera horren aurrean, afekzio handia duten pinudiak moztea gomendatu zuten. Arriolabengoaren esanetan, hildako zuhaitzen ugaritasunak arriskua sortzen du mendian lan egiten dutenentzat zein aisialdian ibiltzen direnentzat. Hala ere, erabakia ez da kasu guztietan berdina izan behar. Pinudi helduetan, adaburuaren zati berdea gorritua baino handiagoa bada, zuhaitzek bizirik irauteko aukera izan dezakete. Horregatik, mozketa egin aurretik, baso bakoitzaren egoera bertatik bertara aztertzea proposatzen du. Pinudi gazteen kasuan, oro har, moztu eta berriro hastea komeni dela uste du. Hilabete lehor hauek aprobetxatzea ere gomendatu du, lanak egiteko.

Baso-kudeaketa eredua

Etorkizuneko basoen inguruan, Arriolabengoak uste du radiata pinuaren inguruan garatutako basogintza-eredua agortzen ari dela. Horren ordez, Etengabeko Estaldurako Basogintza proposatu zuen. Eredu horretan, zuhaitzak banaka edo modu selektiboan mozten dira, baso-estaldura mantenduz eta mendia berez birsortzea ahalbidetuz. Arriolabengoak Aramaioko Kondebaso mendia jarri zuen horren adibide gisa. Haren arabera, ingurumen-, kultura- eta aisialdi-balio handia duen eremua da, eta egur asko eta kalitate handikoa ekoizteko gaitasuna ere badu.

Txingorrak eragindako kalteen ondoriozko mozketa handiek, haren ustez, aukera ematen dute basoen etorkizuna beste modu batera planteatzeko: baso anitzagoak, osasungarriagoak eta klima-aldaketarekiko erresilienteagoak sortzeko. Bere hitzetan, "une historikoa" da baso-eredua aldatzeko eta landa-eremuaren beharrei erantzungo dieten ekosistemak sortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak