ALBISTEAK

Aramaioko Udalak laguntza eskatu die herritarrei, abuztuaren 8ko ekaitzak utzitako kalteen inguruko txosten bat prestatzeko

Koldo Zubia Salas 2026ko abuztuaren 19a

Abuztuaren 8ko ekaitzek ondorio larriak utzi dituzte Aramaio inguruan 1400 hektarea inguru kaltetuz. Arabako Foru Aldundiarekin harremanetan izan da Aramaioko Udala, eta, orain, jasotako kalte horien inguruko txostena prestatzea da helburua. Horretarako, harrera@aramaio.eus helbidera irudi eta bideoak bidaltzeko eskatu du Udalak.

 

Bi kilometroko zabaleran eta zazpi kilometroko luzeran, 1400 hektarea inguru kaltetuta daude, abuztuaren 8an botatako ekaitzen ondorioz. Hasieran, hegoaldetik sartu zen ekaitza, eta zazpi bat minutuz bota zuen txingorra. Atseden baten ostean, iparretik jo zuen berriro, horrek ere gogor. Ordutik bi aste inguru igaro dira, eta ondorioak oraindik agerikoak dira, batez ere, baso landaketa gazteetan, sagardietan, ortuetan edota etxeetako kanaloietan argi ikusten da txingor zaparradak eragindako hondamendia. 

Etxebizitzetan kalteak

Ibarran esaterako, kanaloi ugari zulatuta daude –parrokia izan da eraikin kaltetuenetako bat–. Etxebizitza batzuetako paretak gogor kolpatuak izan dira, eta ortu ugari ere birrindu egin dira. Auto batzuek ere pitzadurak izan zituzten. Horien gaineko kalte ordainak aseguru-etxeekin egin beharko direla esan dute Udaletik. Ibarran ez ezik, inguruko auzoetan ere antzeko irudiak ikusi daitezke. Aipatzekoak dira Barajueneko ortuek jasandako txikizioa edota Zalgoko sagarrek jaso dituzten kolpeak; auzo horietan uztaren zati handi bat galdu egin da.

Basoan, hondamendia

Aseguru-etxeek ordainduko ez dituztenak, baso landaketetan gertatutako kalteak dira. Besaidetik hasita, Tellamendi igaro eta Izpizte ingururaino doan basoan, hamar urte baino gutxiagoko konifero eta pinudi gazteek jasan dituzte ekaitzaren ondorio larrienak. Izan ere, txingorrak kolpatuta eta zaurituta daude. Zauri horietan infekzioa sartzeko arriskua handia da, eta, infekzio hori pinudi osoan zabaltzeko arriskua, ere bai. Adituek Asier Agirre alkateari azaldu diotenez, baso horietan, seguruenik, berriro egin beharko dituzte deforestazio eta birlandaketa lanak, horrek dakartzan galera ekonomiko guztiekin. 

Kalte horien harira, Arabako Foru Aldundiarekin harremanetan izan da alkatea; lehen balorazio bat egiteko: "Foru Aldundiko teknikariekin lursailak ikusten aritu gara, zer nolako kalteak dauden ikusteko. Eurak ere beldurtuta gelditu ziren egoera ikusi ostean", dio Agirrek. 

Txostena prestatzen

Udalaren asmoa, txingorrak eragindako kalteen ikuspegi orokorra jasoko dituen txosten bat egin eta Aldundiari aurkeztea da; horrek datorren urteari begira, basoetan gertatutako hondamendia arinduko duen diru laguntza bat jasotzea ahalbidetu dezakeelakoan. Horretarako, herritarrei laguntza eskatu die Udalak. "Eskertuko genuke herritarren lurretako zein jabetzatako –ortu, etxebizitza, mendi edo fruitu-arbola–kalteen argazkiak eta informazioa bidaltzea harrera@aramaio.eus helbidera", azaldu dute.  

Auzolanarekin eskertuta

Azkenik, ekaitza igaro ostean, herritarrek izandako jarrera txalotu nahi izan du Agirrek, eurak izan zirelako herria lehengoratzeko lanetan esku-hartu zuten lehenengoak. "Errepide ugari itxita gelditu ziren eta herritarrak aritu ziren, errepide horiek garbitzen. Bestalde, domeka goizean, hostoak batzen eta kaleak txukuntzen aritu zen jendea eta eskertzeko jarrera da hori", amaitu du Agirrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak