HEMEN DEBAGOIENA

Abuztuaren 8ko kazkabarraren ostetik, gorrituta daude bailarako hainbat pinudi

Ibai Irasuegi Garai

'Diplodia sapinea' onddoa da gorritzearen arrazoia. Kazkabarrak eragindako zaurien eraginez lortu du hostoetan sartzea. Aurrez ere pinuen egoera ez zen onena; bereziki, xingolen gaitzaren eraginez.

Debagoieneko paisaiari erreparatuz gero, hainbat tokitan ezohiko irudi bat ikusten da, izan ere, hainbat pinudi kolore gorriz jantzita ageri dira. Honek kezka eragin du pinudien jabeen artean.

Onddo baten eragina

Soriako CESEFOR zentro teknologiko ikerlari Iñaki Etxebestek azaldu duenez, Diplodia sapinea izeneko onddoa da gorritzearen erantzulea. Oportunista gisara izendatu du onddoa Etxebestek, izan ere, abuztuaren 8ko kazkabar ekaitza probestu zuen hedatzeko: "Oso oportunista den onddo bat da. Bere horretan ahal duen ehunetaz bizi da, asko agertzen da pinaburutan, azalean bertan edo aurrez hildako hostoetan. Kazkabarrak jotzen duenean, zauri batzuk egiten zaizkio pinuaren hostoei, eta zauri horietatik sartzen da".

Gaitzak pinuen hazkundean eragin dezake, hostoak beharrezkoak dira-eta horretarako

Onddoak Leintz Bailaran izan du zabalpen handiena. Aramaio ibaiaren arroaren inguruetatik Arrasateraino hedatu da, eta Deba ibaiaren arroan berriz, Eskoriatzan eta Aretxabaletan kalte handiak utzi ditu. Etxebesteren ikerketaren arabera, kalteek estaldura zabala hartu dute: "Mila hektareatik gora daude afektatua, horietako asko oso gogor". 400 bat hektareatan, pinuek ia hosto guztiak galduko dituzte: "Praktikan ia %100eko defoliazioaz ari gara hizketan, hosto horiek galdu egingo dira eta". Pinuen hazkundean eragin dezake honek: "Pentsatu behar dugu pinuen giharra hostoetan dagoela, horrek egiten du lan, horrek eragiten die haztea. Biluzterako momentuan hazkuntza horretan efektu bat izango da".

Aurrez ere ondo ez

Ikerlariak azaldutakoaren arabera, pinudien egoera aurretik ere ez zen aproposena: "Lehenago ere egoera ez zen ideala. Estres maila handia zuten pinuek, uda oso gogorra izan delako, tenperaturarekin eta ur gabeziarekin. Gainera, aurretik ere, xingola gorri eta marroien gaitzak ere helduta zeuden". Ustez, pinudi gehienak bere onera itzuliko dira: "Espero daitekeena, aurreko kasuak ikusita, kasu askotan buelta ematea da, baina, beste batzuetan, akaso, ez da horrela izango". Hala ere, ugariak dira kontutan hartu beharreko faktoreak: "Aukera txiki bat dago orain hosto berriren bat botatzeko, baina, ohikoena hurrengo urtera arte itxaron beharra izango litzateke. Hor, aldagai asko daude, kontua hobetu edo okertu dezaketenak. Nagusia xingolen kontua da".

Eredua birpentsatzeko beharra

Etxebesteren ustez, gaitzaren ondorio nagusiak psikologikoak izango dira: "Uste dut ondorio handiena psikologikoa dela. Baso-jabeak, eta batez ere pinu-jabeak, neura handiz bizi du gaitzen kontua". Horrek, fokua egungo basogintza ereduan jartzera darama ikerlaria: "Hor, manifestuan jartzen da eredu baten ahulgunea". Bide horretan, eredu erresilienteago baten beharra mahaigaineratu du: "Kontziente izan behar gara zer suposatzen duen pinuaren laborantzak, eta Tantai edo beste ekimen batzuen bitartez, lehenago ere helarazi dugu, badaudela beste kudeaketa eredu batzuk, erresilienteagoak horrelako kalteen aurrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak