Ordubete inguruko saioan, hainbat emakume aramaioarren izenak eta bizipenak ekarri zituen gogora, emakumeek garai hartan egindako lana, ahalegina eta jasandako sufrimendua azaleratzeko. "1936ko gerrak askorako ematen du, baina nik hari bati heldu nahi izan diot: emakumeak, gerra eta Aramaio; hiru gaiak txirikordatuta, eta, batez ere, emakume militanteen ibilbidea jarraituz", azaldu du Arriolabengoak.
Emakumeak erdigunean
Hitzaldiak, gerra zibilaren aurreko urteetan jarri zuen abiapuntua; Aramaion, inguruko beste herri askotan bezala, Emakume Abertzale Batza sortu baitzen. Eusko Alderdi Jeltzalearen baitan sortutako talde horretako emakumeek presentzia eta protagonismoa handia izan zuten mitinetan, eta nortasun propioa garatu zuten. Horrez gain, lan handia egin zuten euskararen irakaskuntzan eta literaturan. Gerra piztu zenean, haietako batzuk miliziano joan ziren, eta, Arriolabengoaren arabera, haietako batzuek zeregin nabarmena izan zuten gerran: "Ez dakigu zenbaterainoko presentzia izan zuten, baina badakigu zenbait emakumek paper protagonista izan zutela".
Memoria historikoa berreskuratzeko egiten dabiltzan ahaleginaren baitan kokatu da hitzaldia
Aramaio frankisten esku erori zenean, emakume eta haur askok alde egin behar izan zuten. Zenbait familiak Bilbora jo zuten, eta, hiria erortzear zela, Frantziara erbesteratu behar izan zuten. Arriolabengoak erbesteratze-prozesu hori ere aztertu zuen hitzaldian, baita Frantzian egonaldi laburra egin ostean Aramaiora itzuli ziren emakumeen bizipenak ere. Itzuleran, senarrak, anaiak eta aitak preso aurkitu zituzten hainbatek, eta horrek beste jarduera batzuetara bultzatu zituen: atxilotuen eta erbesteratuen arteko harremanak erraztea, besteak beste. Horren lekuko den garaiko gutun baten edukia ere aztertu zuen hitzaldian. Azkenik, Aramaioko bi emakume ezagun aipatu zituen; Maria Trojaola eta Rosalia Ormaetxea. Lehenengoa sendakina izan zen, eta, bigarrena, emagina. Bi emakume horiei duela urtebete egin zieten omenaldia herrian, eta haien ibilbideak ere ekarri zituen gogora Arriolabengoak.
Memoria historikoaren lanketa
Hitzaldia Aramaioko memoria historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lanaren emaitza izan da. Izan ere, Arriolabengoak azaldu zuenez, duela urtebete pasatxo sortu zuten Arangio 1937 izeneko taldea, Aramaioko Gerra Zibileko gertakariak ikertu eta ezagutarazteko. "Aramaiok hutsune bat zuela ikusi genuen; beste herri batzuetan memoria historikoa berreskuratzeko lanak egiten ari dira eta hemen ere gerrako kontuak ikertzeko, sakontzeko, eta argitara ateratzeko beharra dago", azaldu zuen. Etorkizunera begira, Arangio 1937 taldearen lana plazaratu, eta martitzenekoa bezalako hitzaldi gehiago egiteko borondatea dagoela ere esan zuen.
Arangio 1937 taldearen lanketa
Duela urte eta erdi sortu zuten Arangio 1937 taldea, Aramaioko memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin, eta, bereziki, Gerra Zibilean bailarako herrietan izandako gertakariak ikertu eta argitara ateratzeko. Arriolabengoarekin batera lanean diharduen talde txiki batek osatzen du. Gaur gaurkoz, herriko artxiboko dokumentuak aztertzeaz gain, Espainiako artxibo militarretan ere ari dira informazioa biltzen, Intxorta 1937 elkartearen laguntzarekin. Epe luzerako helburua ikerketaren emaitzak argitalpen batean jasotzea da, nahiz eta Arriolabengoak aitortu duen oraindik horretarako asko falta dela; dagoen materiala bildu, antolatu eta lantzen dabiltzalako.