Euskara Plana egiten hasi aurretik, Aramaioko Udalak euskararen egoeraren diagnostikoa egin du, hainbat iturri kontuan hartuta. Alde batetik, UEMArekin eta Txirritola Euskara Elkartearekin elkarlanean, herritarren iritziak jasotzeko galdetegia zabaldu zuten martxoan; ia 50 lagunek erantzun zuten galdetegi hura. Bestetik, bi informazio-saio ireki egin zituzten, eta herritarrekin euskararen egoeraz, indarguneez eta ahulguneez hausnartu zuten bertan. "Euskararen bueltan dabilen jendea gonbidatu genuen informazio-saioetara, eta oso erantzun ona jaso genuen. Jendeak euskararen egoerarekiko kezka azaltzea pozgarria izan zen; saio horietan ateratako ondorioak izan dira, zehazki, Euskara Planerako informazio-iturri nagusia", esan du Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikari Manex Agirrek.
Udaberrian egindako bi informazio-saioetan eta galdetegian oinarritzen da plana
Herritarrekin egindako saioetan hainbat lehentasun identifikatu zituzten; esaterako, eremu informaletan euskararen erabilera sustatzeko beharra, adin guztietan euskararekiko kontzientzia indartzea eta euskaraz aritzeko ingurune eta erreferente egokiak sortzea. "Aramaioko euskararen egoera ez da beste herri batzuetan bezain ahula, baina baditu ahulguneak. Kalean, etxean, tabernetan… euskaraz hasi bai, baina gaztelaniaz amaitzen ditugu elkarrizketak. Kontzientzia falta ere badago; Aramaion galdetuz gero, gehienek euskaraz bizi garela erantzungo dute, baina hori ez da guztiekin eta egoera guztietan gertatzen. Horren inguruko kontzientzia orokorra garatzea ere beharrezkoa da", dio Agirrek. Halaber, gazteen erabileraren inguruko eztabaida ere sortu zen, baina, Euskara teknikariaren arabera, "helduengan ere hutsuneak ikusten dira", eta, horrenbestez, ahulgune horiek orokorrak direla ondorioztatu zuten.
Informazio-saioetan jasotako ondorioekin batera, euskararen kale erabileraren neurketak eta Eusko Jaurlaritzak egindako inkestetako datuak ere erabili dituzte herriko egoeraren argazkia osatzeko.
Berritzea, "beharrekoa"
Agirrek azaldu duenez, aurretik ere bazegoen Euskara Plana, baina egungo beharrei erantzuteko "eguneratze bat" behar zuen: "Gizartea aldatzen doan neurrian, herri txikietako gizartea ere aldatzen ari da, eta, horren ondorioz, euskararen egoera ere bai. Horrenbestez, beti dago ondo egoerari buelta bat eman eta horren araberako aldaketak egiteko proposamenak egitea", azaldu du Agirrek.
Planak, beraz, datozen zortzi urteetarako ardatz estrategikoak ezartzen ditu. Ardatz estrategikoak zazpi dira: gobernantza, jarrera eta motibazioa, ezagutza eta gaitasuna, erabilera eta elkarreragina, berrikuntza, sistematizazioa eta hedapena. Halaber, ardatz estrategiko bakoitzak bere lan-ildo, erronka, ekimen eta ekintzak zehaztuta ditu, eta bertan, Udalaren jarduna ez ezik, euskararen bueltan lanean ari diren eragileen jarduna jasotzen da. "Batez ere, aurretik jasotako ahulgune horiei buelta emateko helburu orokorrak jasotzen ditu Euskara Planak", dio Agirrek. Helburu orokor horiek urtez urteko "ekintza zehatzak zehazteko" direla eta horretan lanean dabiltzala esan du Euskara teknikariak.