Aramaion Jarindo ganaduzainen elkartea sortu dute herriko ganaduzaleek, herri-lurretan erabiltzen dituzten animalien kudeaketa bideratzeko.
Izan ere, erabilera horretako lurretarako dirulaguntzak lortu ahal izateko, elkarte baten bitartez egin behar dira eskaerak; ezin ditu pertsona fisiko batek edo Udalak egin. Beraz, dirulaguntzak eskatu ahal izateko eta erabiltzen diren lur horien kudeaketa egiteko sortu dute Jarindo.
Berez, duela lau urte sortu zuten elkartea, baina izaera juridikoa duela gutxi lortu dute. Orain arte hogei abeltzain inguru ibili dira elkartearen bueltan eta asmoa dute orain abeltzain gehiagorengana iristea eta diru-laguntzak eskatzen hastea.
Bilera egin dute
Horretan hasteko, bilera egin zuten atzo arratsaldean herriko ganaduzainek, Sastiñan. Hamalau herritar batu ziren eta elkartea aurkeztu eta martxan jartzeko lehen pausuak eman zituzten bertan. Izan ere, sorrera duela lau urte izan bazuen ere, tarte honetan lan gutxi egin ahal izan dute.
Lehen dirulaguntza eskaerak
Dagoeneko badituzte aurtengo dirulaguntza eskaera batzuk prest. Jarindo elkarteko presidente Iker Olaziregi Kortabarriak bi hauek nabarmendu zituen: "Albiñara bidean, Kurtzetara bidean, itxitura bat dago animaliak ez daitezen bidera irten, baina egoera kaskarrean dago eta hori berrizteko eskatuta dugu dirulaguntza. Horrez gain, Ipizte inguruan manga edo potrera bat dago urte asko dituena eta zahartuta dagoena, eta hori konpondu edo berria egiteko eskaera ere badugu. Horiek dira martxan ditugunak orain".
Horiez gain, esaterako, bestelako garbiketa-lanak egiteko dirulaguntzak eskatzeko asmoa ere badute.
Herriko abeltzaintzaren egoera zein den galdetuta, hauxe dio Olaziregik: "Egoera kaskarra da. Gehiagora ez doa, daudenak mantendu, gazteetan bakarren bat agertzen da, baina uste dut gainbeheran doala".
Elkartera batzeko deia
Bilerara joan ezin izan ziren ganaduzainei esan diete elkartera batzeko interesa izanez gero, eurengana joateko, eta eskuzabalik hartuko dituztela laguntzeko gertu daudenak.