Beste eraso bat: sua egin dute kanpoko frontoian eta zorua hondatu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 23a

Kanpoko frontoiko lurra hondatuta. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Eraso berri bat izan da Aramaion. Martitzen gauean sua egin zuten kanpoko frontoian, eta kantxako zorua "zeharo hondatuta" geratu da, Udaletik jakinarazi dutenez.

Kanpoko frontoian izan da oraingo erasoa. Sua egin zuten eta kantxako zorua "zeharo hondatuta" geratu da. Udalak jakinarazi duenez, kalteen balorazio ekonomikoa egiten ari dira, baina aurreikusten dute kantxa ezin izango dela epe motz edo ertainean konpondu.

Kalteen balorazio ekonomikoa egiten

Era berean, azken asteotan Udal eraikinetan eta parkean izandako kalte eta eraso guztien kostua ere zenbatzen ari da. Balorazio ekonomiko horrekin, Ertzaintzara joango da Udala, Udal eraikinetan eta parkean egindakoaren aurrean, salaketa jartzeko. Udalak jakinarazi du gainera, ez dela salaketa jarriko duen lehen aldia, eta azkena izatea espero duela.

Bilerak, gazteekin eta gurasoekin

Martitzenean hasi zuen, bestalde, Udalak bilera-erronda herriko gazteekin eta haien gurasoekin, egoerari nola aurre egin elkarrekin hausnartzeko. Udaletik adierazi dute "partaidetza handia eta erakutsitako inplikazioa positiboa" izan dela.

Eta bilera-errondarekin jarraitzeko, egubakoitzean, 17:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan, bigarren bilera bat egingo dute 2009 eta 2010ean jaiotako gazteekin eta haien gurasoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak