Erasoen aurrean, herri erantzuna! lelopean zabaldu dute adierazpena, herriko 24 eragilek sinatuta. Sinatzaileek azaldu dute Aramaion "bizitza egiteko, harremanak lantzeko eta aisialdiaz gozatzeko" herri bat nahi dutela, baina azkenaldiko gertakariek hori zaildu dutela. Nabarmendu dute "amorrua eta pena" sentitzen dituztela indarkeria hartu duten erasoen aurrean, besteak beste, parkean, kultura etxean, ludotekan eta Santa Anan izandako "eraso fisiko, matxista eta apurketen" ondorioz.
Adierazpenean azpimarratu dute eraso horien lehenengo erantzuleak, erasotzaileak direla, baina hau gehitu dute: "Arduradun dira erasotzaileei babesa ematen dieten pertsonak ere. Egindakoari garrantzia kentzea, erasotzaileari konplizitatea eskaintzea edo ez ikusiarena egitea ere, erasoaren parte dira". Horrek, diotenez, "inpunitatea eta babes soziala" indartzen ditu, eta "erasoak errepikatzeko testuingurua" sortzen laguntzen du.
Era berean, herritarrei dei egin diete egoera etengabe justifikatzeari uzteko. Uste dute herri "bizigarri, seguru eta askea" nahi bada, ezin dela beste aldera begiratu, eta erantzun beharra dagoela. Sinatzaileen arabera, herritarrek badute egoerari buelta emateko gaitasuna, hitza hartuz, gaitzespena adieraziz eta erantzuleak interpelatuz.
Azkenik, gogorarazi dute herria herritarrena dela eta, ondorioz, herria egiteko eskubidearekin batera ardura ere badagoela. Horregatik, bihar, eguena, agerraldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak, Goikon, 19:00etan.
Sinatzaileak
Herriko 24 eragilek sinatu dute testua: Eki tabernak, Bixente Goikoetxea Abesbatzak, Trikikalejirak, Txirritola Euskara Elkarteak, Itur Zuri Emakume Elkarteak, Aramaixoko Talde Feministak, Lagunkoiak, Anbotoko Doinuak Musika Elkarteak, Orixolek, Aramaio Pilota Elkarteak, Ikusiz Gozatuk, Arbel Kooperatibak, Bertso Eskolak, Papar Gorri Abesbatzak, Aramaixo Bizirik-ek, Alaiak Kantu Tailerrak, Anboto tabernak, Guraso Elkarteak, Aramailurrek, Lagun Artean Dantza Taldeak, Kurtzetagainek, Gazte Asanbladak, Aramaio Herri Eskolak eta Alaiak Jubilatu Elkarteak.