Xabi Errastik eta Markel Arriolabengoak irabazi dute Aramaioko lehen Pala Txapelketa

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 5a

Aramaioko Lehen Pala Txapelketako finalistak, gaur, final osteko sari banaketan. Argazkia: Goien

Mikel Aspe eta Jon Herrarte bikoteak irabazi du final handia, Xabi Errasti eta Markel Arriolabengoa 25-23 garaitu ondoren. Bestalde, kontsolazio finala —ligaxkatik kanpo geratu ziren taldeen artean— ere jokatu da, eta Ekaitz Gredillak eta Julen Agirrek 25-18 irabazi die Jon Ander Erizi eta Maialen Ballinari.  

Gaur arratsaldean jokatu dira Aramaioko lehen Pala Txapelketako finalak herriko frontoian. Jendetza bertaratu da partiduak ikustera, eta giro bikaina jarri dute frontoian. Partiduei dagokienez, lehenengo kontsolazio finala jokatu da txapelketa hasieran ligaxkatik kanpo geratu ziren taldeetako sailkatu onenen artean, eta, ondoren, txapelketako final nagusia jokatu da lehen herriko pala txapelketa jokatu duten bi bikote onenen artean: hain zuzen, Xabi Errasti eta Markel Arriolabengoa bikote gorriaren eta  Mikel Aspe eta Jon Herrarte bikote urdinaren artean.

Jon Ander Eriz-Maialen Ballina eta Ekaitz Gredilla-Julen Agirre bikoteen artean jokatu da lehen partidua. Lehia luzea izan da, eta tanto ikusgarriak egon dira bai gorrien eta bai urdinen partetik. Hala, ordubete pasa iraun duen lehiaren ondoren, 25-18 amaitu da partidua; Gredilla-Agirre bikotearen alde. 

Tanto luzeagoak jokatu dira final nagusian, baina, hala ere, tentsio handiagokoa izan da. Hasieran markagailuan aurre hartu dute gorriek, baina partidu erdialdean urdinek buelta ematea lortu dute ia azken tantoetara arte. Amaieran, baina, zenbait akats egin ditu bikote urdinak, eta partiduak ihes egin die eskuetatik. Azkenean, 25 eta 23 amaitu da final nagusia, eta, "egun borobila" izan dela adierazi du Arriolabengoak bai finala irabazteagatik eta bai pilotalekuan egon den giroarengatik : "Oso polita izan da finala eta baita herritarrek jarri duten giroa ere. Partidua oso parekatuta egon da, eta hori da, azken finean, markagailuak erakutsi duena", adierazi du Arriolabengoak. 

Final nagusiko une bat. Argazkia: Goiena.

Jarraipena izango du txapelketak

Final ostean, 22:30ean, elkarrekin afalduko dute udaletxe azpian "txapelketari, jai giroan, amaiera" emateko. "Oso polita izan da txapelketa hau egitea, herritarrei kirolaz gozatzeko aukera bat ematea. Ikusi da Aramaion bazegoela horrelako ekimen bat antolatzeko beharra, eta oso pozgarria izan da", adierazi du Pala Txapelketako antolatzaile izan den Ibon Larrañagak, eta, horrez gain, gaineratu du "aurtengo txapelketako harrera ikusita", jarraipena emango diotela txapelketari: "Gure asmoa da irailean edo urrian beste txapelketa bat antolatzea. Ez dakigu formatu berdinean izango den, baina argi daukaguna da Pala Txapelketa antolatzen jarraituko dugula". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak