Duela hamabost urte hasi ziren proiektua garatzen, eta dokumentazio guztia jasota eta proiektuaren diseinua eta kostua eginda, planaren onarpena egin zuten azken osoko bilkuran. Bertan onartu zuten Ibarra Birgaitzeko Plan Berezia, eta gehiengoak baiezkoa eman bazuen ere, Jeltzaleek kontra bozkatu zuten; memoriak eginda ez daudela, dokumentazioan akatsak daudela eta deialdirik jaso ez zutela argudiatuz.
Behin behinekoz onartuta dago plana, baina azken pausua falta da abian jartzeko. Izan ere, Aramaio 3.000 biztanle baino gutxiago dituen herria denez, planak Foru Aldundiaren oniritzia jaso behar du. Agirrek azaldu duenez, hiru hilabetetan erantzun bat jasotzea espero dute, eta behin Aldundiaren baiezkoa izatean, plana indarrean jarriko da eta etxeak egiten hasi ahalko dira.
Zuzenketak zaborren ordenantzan
Ibarra birgaitzeko plan berezia onartzeaz gain, zaborren ordenantzan ere akatsak zuzendu zituzten, eta bi zehaztapen nagusi azpimarratu zituen Agirrek: batetik, errefusaren edukiontziak murriztu egingo dituztela, eta, bestetik, edukiontziak 400 eta 600 metro baino urrunago dituzten herritarrei hobariak emango dizkietela.
Hobariei dagokienez, edukiontziak 400 metrotara baino urrunago dituzten herritarrek %20ko hobariak izango dituzte, eta 600 metro baino urrunago dituztenen kasuan, berriz, %30ekoa. Agirrek azaldu zuenez, 20 bat baserrientzako hobariak izango dira, baina eskaera egin beharko da laguntza jasotzeko.