ALBISTEAK

Biomasa bidezko berokuntza sistema berria jartzeko obrak hasi dituzte

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 10a

Udalak trantsizio energetikoan egindako pauso berriaren helburua da herriko hainbat udal eraikin —eskola, kultura etxea eta kiroldegia— zentral bakar batetik sortutako ur beroarekin hornitzea.

Hasi dira biomasa bidezko berokuntza sistema berria jartzeko obrak Aramaion. Eskola, kultura etxea eta kiroldegia zentral bakar batetik sortutako ur beroarekin hornitzea du helburu proiektuak, eta aurreikuspenen arabera, maiatzerako edo ekainerako lanak amaituta egotea espero dute.

Proiektuaren diseinua Arrese-Igor ingeniaritza enpresak egin du, eta obra zibilaren ardura Giroa enpresari esleitu zaio. Lanak hasteko lehen urrats bezala, enpresetako langileek eraikinetan egin beharreko esku-hartzeak aztertu dituzte eta horiek ikusten izan dira herrian. Hauxe esan du Aramaioko alkate Asier Agirrek: "Eskolan, kultura etxean eta kalean hoditeria nola eraman behar den ikusten izan gara, eta dagoeneko obrak martxan daude".

Kalean obra gutxi ikusiko da

Obraren zati txiki bat baino ez da ikusiko kalean. Hodiak sartzeko hainbat zanga ireki beharko dituzte, batez ere, eskolatik kiroldegira eta kultura etxera doan ibilbidean. Hala ere, lanik handiena eskola ostean joango da eta baita egun dauden eskolako eta kultura etxeko galdara-geletan ere. 
Agirreren arabera, egungo instalazioek berritzea behar zuten: "Kontuan izan behar dugu eskolan eta kultura etxean dauden galdarek 25 urte baino gehiago dituztela. Horiek kendu egin behar dira eta hor jarri behar dira makina berriak, biomasarekin sortutako ur bero hori eraikinetara sartzeko".

Kiroldegira ere iritsiko da

Kiroldegia izango da sistemara konektatuko den hirugarren eraikina. Gaur egun, instalazio horretan ur beroa sistema elektriko bidez sortzen da, eta ez dago bestelako berokuntza sistemarik. Horregatik, lehen fase honetan ur beroa bertaraino eramateko azpiegitura prestatuko dute. Ondoren aztertuko dute kiroldegian zer instalazio behar diren: "Momentu honetan eramango dugu hoditeria kiroldegiraino ur beroarekin, eta aurrerago aztertuko dugu han zein azpiegitura egin beharko den", azaldu du alkateak.

Prest etorkizunerako

Biomasa-galdara berriak ez du soilik egungo beharrari erantzuteko balioko. Instalazioa diseinatu da etorkizunean sare gehiago gehitu ahal izateko: "Helburua da ur beroa sortzea eskolarako, kultura etxerako eta kiroldegirako; baina aurrera begira gabiltza, beste udal eraikinetara ere eraman ahal izateko edo herritarrei zerbitzua emateko", adierazi du Agirrek.

Horregatik, lehen fase honetan sortuko den instalazioa prestatuta utziko dute etorkizunean egingo duten bigarren fase baterako. Udalaren asmoa litzateke, besteak beste, musika etxea, udaletxea edo Sastiña ere sare horretara konektatzea.

Energia trantsiziorako urratsa

Proiektua trantsizio energetikoaren barruan kokatzen dute. Azken urteotan Aramaion hainbat ekimen jarri dira martxan energia berriztagarrien alde. Bide horretan, lehen pausua kiroldegian eguzki plakak jartzea izan zen; sistema horrek udal eraikin guztiak hornitzen ditu dagoeneko. Eta biomasa-galdara jartzea izango da bigarren pausoa, udal eraikin nagusiak berotu ahal izateko.

Komunitate energetikoa

Udaletik uste dute energia eredua eraldatzeko ezinbestekoa dela herritarren parte-hartzea ere. Horregatik, Aramaion komunitate energetiko bat sortzeko aukera azpimarratu du alkateak. "Herrian komunitate energetiko bat sortzen bada, baliabide oso interesgarriak daude: kiroldegiko plakak eta galdara berrian sortuko den ur beroa. Guregana etorri eta parte hartzera gonbidatzen ditut herritarrak", azaldu du.

Milioi erdiko inbertsioa

Proiektuak inbertsio handia eskatzen du udalaren aldetik. Biomasa-galdara eta sare berria jartzeko aurrekontua milioi erdi euro ingurukoa izango da: "Udal batentzat diru dezente da, baina aurrera begirako inbertsioa da", nabarmendu du Agirrek. 

Alkateak espero du urte amaierarako ikusten hastea galdara berriak "zein efizientzia maila altua" duen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak