2008an zapaldu zuen lehenengo aldiz Debagoiena Janet Grimaldok (Bogota, Kolonbia, 1986). Beka baten bidez Oñatira etorri zen ikasketak egitera, eta tarte hartan ezagutu zuen egun haren senarra dena. 2017a ezkero, Aramaion bizi da.
Nolakoa zen zure bizimodua Kolonbia utzi aurretik?
Haurtzaro arrunta eta oso zoriontsua izan dut. Oso familiarrak gara. Oporrak nire amonaren etxaldean pasatzen nituen, Mochuelon; Bogotatik hogei minutura. Ez daukat inolako kexarik.
Nolakoa zen Bogota?
Biolentzia handia jasan du Kolonbiak. Lehen, oso zaila zen beste departamendu edo probintzia batera bidaiatzea, gerrilla zegoelako; lehen, indar handiagoa zuen. Bogota ere txikiagoa zen; ez zen hainbeste jende bizi. Orain, metropoli bat da; ia zortzi milioi pertsona bizi dira. Biolentzia handia zegoen herrietan eta beste departamenduetan, eta, horregatik, handik ihesi Bogotara joan zen jende asko, eta asko hedatu da.
Noiz joan zinen handik?
Beti han bizi izan naiz. Han ikasi nuen, lan egin... Beka baten bidez Oñatira etorri nintzen ikasketak egitera, 2008an, eta orduan ezagutu nituen inguru hauek.
Eta ordutik hemen bizi zara?
2010eko urtarrilean, beka amaitu zenean, Bogotara itzuli nintzen, ikasketak amaitzera. Kontua da pertsona bat ezagutu nuela hemen: Jokin, gaur egun nire senarra dena. 2009an ezagutu genuen elkar, eta nik ez nuen Euskal Herria alde batera utzi, hark Kolonbiara joan nahi zuen eta. Harremanarekin jarraitu genuen, distantzian, eta Jokin urtebeterako joan zen Bogotara. Imajinatu, Aramaiotik Bogotara. Saiatu zen, baina ez zen egokitu, eta hona itzuli zen. Neu ere etortzen nintzen oporretan. Azkenean, erabaki genuen ni hona etortzea, eta 2017ko iraila ezkero bizi naiz Aramaion.
"Familia igartzen dut faltan, baina han nagoenean ito egiten naiz; segurtasuna sentitzen dut hemen"
Zu egokitu zara Aramaiora?
Hasieran, pila bat kostatu zitzaidan. Hemen ez dago metropoliko dendarik, zaratarik... Hau lasaiagoa da. Autorik ere ez nuen, eta Azkoaga auzoan bizi ginen. Nire lehendabiziko haurdunaldian ikusi nuen hemen geratuko nintzela. Hona egokitu naiz, eta hara joaten naizenean urduri jartzen naiz. Familia igartzen dut faltan, baina han nagoenean ito egiten naiz. Hemen segurtasuna sentitzen dut. Errazagoa da semeak herri txiki batean heztea.
Zer gustatzen zaizu Aramaiotik?
Leku lasaia eta segurua da. Jendea maite dut. Guztiok ezagutzen dugu elkar. Komunitate sena dago, eta elkarri laguntzen diogu. Natura ere sekulakoa da. Herri txikia eta oso euskalduna da.
Euskal Herriarekin izan zenuen lehen kontaktua Oñatirekin izan zen; zerk harritu zintuen?
Jendea oso jatorra zen. Leku bat non zegoen galdetu, eta haraino laguntzen zizuten. Bizimodua lasaia zen. Arreta eman zidan aitek seme-alabak parkera, eskolara... eramaten zituztela ikusteak. Bogotan ez da horrelakorik gertatzen. Zebra-bidea igaro behar duzunean ere, zain egoten dira. Han auto batek harrapatzeko beldur ginen.
Erraza da atzerritarra izatea herri txiki batean?
Hiri batean baino errazagoa. Jendea agurtu eta haiekin egoten bazara, erantzun egiten dizute. Eskertu egiten dute kaixo esatea hola esan beharrean. Edonorekin hartu dezakezu kafe bat.
Kolonbiatik ohiturarik mantentzen duzu?
Han Gabonak oso garrantzitsuak dira. Gabonsarien bederatziurrena egiten da, eta saiatzen naiz nire semeekin egiten. Uztailaren 20a, Independentziaren Eguna, ez dut askorik ospatzen, baina azaltzen diet ze egun den.
Bi bizitokitakoa sentitzen zara?
Nire kolonbiartasuna hazi egin da hona etorri nintzenetik. Hemen eroso nago, baina oso presente daukat kolonbiarra naizela. Azentua galtzea ez litzaidake gustatuko. Han ere, ordea, ez dakit... Zaila da azaltzea: hara joan, eta familiarekin egoten naiz, baina, egun batzuk pasata, hona itzuli nahi izaten dut; hala ere, hemen nagoenean, nire familiarekin egon nahiko nuke.
Gomendio bat Kolonbia uztea pentsatzen ari den batendako?
Ez badauka handik ateratzeko beharrik ondo dagoelako, ez dadila joan. Uste dut sustraiak eta familia oso garrantzitsuak direla. Joan nahi badu, joan dadila, baina itzuli. Irtetea zaila da. Alde onak ditu, baina epe luzera konplexua da.
Euskara ikasteko motibatuta
Grimaldo Oñatira zetorren, baina ez zuen herriari buruzko informaziorik bilatzeko saiakerarik egin Interneten, Oñatik berak harritzea nahi baitzuen: "Etorri nintzenean ikusi nuen dena euskaraz eta gaztelaniaz zegoela. Euskarak arreta ematen dit. Hemen guztiek egiten dute euskaraz". Bikotekidearen etxean ere euskaraz jantzi da: "Jokinen amona sekulako emakumea da. Hark irakasten zizkidan hitzak, eta idatzi egiten nituen".
Euskara ikasten
Uste du Aramaion bizi izateko euskara ulertu behar duela, eta euskara ikasteko hautua egin zuen; batez ere, semeengatik: "Ez nuen nahi haiek hizketan egin eta nik ez ulertzerik". Azaldu du hainbeste urteren ondoren euskaraz ulertzen duela, baina ez dakiela idazten, eta hitz egiten "askorik ere ez". Aurten A1 mailan eman du izena: "Zail samarra da, baina uste dut oinarrizko hiztegia badudala, eta eskoletan ez naiz galtzen. Motibatuta nago; gainera, nire semeekin erraza da hizkuntza bat ikastea. Oso gustura nago".