Larrialdietarako eta Babes Zibilerako Borondatezko Taldea martxan jartzen dabiltza Aramaion. Prebentzioan jarriko dute fokua, eta asmoa, larrialdiei aurrea hartu eta etorkizunean hobeto prestatuta egotea da, esaterako, gertakari meteorologiko kaltegarrietan, istripuetan, ekitaldi jendetsuetan edo antolatutako laguntza behar izan dezaketen beste egoera batzuetan.
Euskara eta hezkuntza zinegotzi den Oihana Erizen arabera, Aramaio ez da horrelako ekimen bat martxan jartzen duen lehen herria: “Ikusi genuen Otxandio edo Oiartzun bezalako herrietan denbora zihoazela martxan, eta pentsatu genuen Aramaion ere horrelako talde bat sortzea interesgarria izan zitekeela, batez ere prebentziorako”.
Taldea “oinarri sendo batekin” hasi da. Talde eragilea martxan da dagoeneko, eta bertan, momentuz, bi suhiltzaile, mediku bat, bi erizain, gizarte langile bat, bi zinegotzi eta alkatea daude. Talde eragile hau talde osoaren antolakuntzaz, koordinazioaz eta plangintzaz arduratuko da, bestelako lanak ere eginaz.
Bigarren talde bat ere martxan jartzeko asmoa dute, boluntariotza-talde bezala izendatu dutena. Hau, larrialdien aurrean lankidetzan jardungo duten bizilagunez osatutako boluntario talde bat izango da.
Boluntario bila
Aramaioko Udalak adierazi duenez, edozein bizilagunek izango du bi taldeetan sartzeko aukera, eta ez da beharrezkoa izango aurretiko esperientziarik edo ezagutza teknikorik izatea. Jakinarazi dute oinarrizko informazioa eta prestakuntza emango direla, boluntarioek segurtasunez eta konfiantzaz lagundu ahal izateko. “Garrantzitsuena laguntzeko borondatea, herriarekiko konpromisoa eta laguntzeko gogoa dira”.
Izen ematea udaletxera deituta, bertara hurbilduta edo harrera@aramaio.eus helbide elektronikora idatzita egin daiteke. Bestalde, zalantzarik izatekotan, udaletxera deitu eta harremanetarako datuak uztea nahikoa izango dela adierazi dute. Ondoren taldeko kideak izango dira norberarekin harremanetan jarriko direnak, "dena xehetasunez azaltzeko”.
Beharrezko taldea
Talde eragileko zenbait kidek pozik hartu zuten Udalaren proposamena, eta azaldu dute beharrezko ikusten zutela horrelako ekimen bat, bereziki, Aramaioren kokapena kontuan hartuta. “Nik ere aspalditik nuen buruan Aramaio pixka bat urruti dagoela. Suhiltzaileak, Oñatitik eta Gasteizetik etorri behar direnez, ordu erdi inguru behar izaten dute”, adierazi du Asier Castellano suhiltzaileak. Ados agertu da Alaitz Elezpuru erizaina: “Hemen, bizi garen lekuarengatik, laguntza heltzen denerako denbora luze joaten da. Garrantzitsua da herritarren artean lehen sorospenen formakuntza minimo bat izatea, edozein momentutan lehen minutuetako laguntza hori eskaini ahal izateko”.
Hasteko gogotsu
Momentuz, talde eragileko bi bilera egin dituzte, eta Erizek azaldu duenez, gauzak ondo egitea da beraien asmoa: “Gure asmoa gauzak ondo eta prisa gabe egitea da, hutsetik hasten gara eta ez dugu nahi kolpetik lan karga handiegirik hartu”. Hasteko gogoz eta “ilusio askorekin” daudela ere adierazi du.
Castellanok ez du baztertzen ekintza puntualetarako kanpoko enpresa baten zerbitzuak kontratatzea, esateko, desfibriladoreen funtzionamendua herritarrei azaltzeko: “Guk ez dugu baliabide material gehiegi, eta esaterako, desfibriladoreak zela erabili jakiteko posible da kanpo-enpresa bat ekartzea”. Aramaion desfibriladore bat dago, eta Castellanok kantitateari baino, “dagoena erabiltzen jakitzeari” ematen dio garrantzia.
Elezpuruk herritarrak formatzearen garrantzia azpimarratu du: “Beste herri batzuetako taldeak eredu moduan hartuta, ideietako bat herri mailan dauden beharrak identifikatzea da, herritarrek zein formakuntza edo informazio behar duten”.