Udalak herritarrekin bilerak egin ditu Ibarrako bi gunetan etxebizitzak egiteko

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 29a

Plan urbanistikoaren aurkezpenean, hainbat herritar azalpenak entzuten.

Plan Orokorrean aldaketak eskatzen ditu Ibarrako bi gunetan etxebizitzak egin ahal izatea, eta horregatik, etxebizitza eredu berriak diseinatzeko, herritarren parte-hartzea eskatu du alkateak.

Hamasei urte pasa dira Ibarrako Plan Orokorra onartu zenetik, eta ez da aurreikusitako eremu berririk garatu. Hori dela eta, Plan Orokorrean aldaketak aurreikusten ditu Udalak eta horien berri eman eta herritarren iritziak jasotzeko, bi aurkezpen egin dituzte azken asteotan udaletxean, proiektua lantzen ari diren arkitektoekin.

Bi gune berri etxebizitzendako

Aldaketak batez ere bi gunetan aurreikusten dituzte, eta horrek esan nahi du Ibarra inguruan egin behar diren etxe berrien birdiseinatze bat. Halaxe azaldu du Asier Agirre alkateak: "Batetik, eskola eta kiroldegi inguruan, 70 etxebizitza diseinatuta daude, kopurua gero ere mantenduko da, baina aztertu egin behar da zer egin behar den. Eta bestetik, Ibargoienetik Andra Marira bidean, Errekazabal esaten zaion gunean ere, 70 etxebizitza diseinatuta daude momentu honetan. Arrazoi ezberdinak medio ez da hori garatu eta ez dira etxerik egin".

Hiru azterketa eginda 

Ibarrako Plan Orokorraren bigarren aldaketa puntualaren helburua da hiri-ereduari, lurzorua okupatzeko estrategiari, mugikortasunari eta gaur egun behar den etxebizitza-tipologiari buruzko hausnarketan sakontzea. Horretarako, dokumentua egin aurretik, 2025ean, mugikortasunari eta etxebizitza-beharrari buruzko azterlan espezifikoak egin dituzte, baita hirigintzako problematikaren diagnostiko orokorra ere. 

Hala azaldu du Agirrek: "Hiru ikerketa egin ditugu aurretik; etxebizitzari buruzkoa, uholdegarritasunaren ingurukoa eta mugikortasuna oinarri dituena. Orain, diagnostikoa egiten gabiltza. Hori bukatzean, planteamendua aterako da eta planteatzen hasiko gara zein etxe mota behar dugun Aramaion, non, zertarako eta hori guztia".

Orain arte jasotako informazioa udalerriko biztanleekin partekatu nahi izan dute bilera irekietan, bai herritarrekin eta baita lurjabeekin ere, eta zenbait jarduera-proposamenen lehen zirriborroa ere erakutsi dute.  

"Ikusten da Aramaion etxeak egin behar direla, gehien bat nahi baldin badugu behintzat herria handitzen joatea. Helburua ez da etxe horiek guztiak egitea, helburua da egin ahal izatea", adierazi du alkateak eta hau gaineratu: "Datorren hamarkadetan egiten badira horietako batzuk, asko egingo da".

Herritarren parte-hartzea

Etxebizitza eskaria dago Aramaion, Aztikerrek egindako ikerketan hori ondorioztatu dela esan du alkateak. Izan ere, gaineratu du herrian egindako azken etxebizitzak 2007an entregatu zirela –babestutako etxebizitzak izan ziren–. Eta azken urtetan gauzak asko aldatu dira: "Orokorrean familia eredua asko aldatu da eta etxebizitza eredu desberdinak daude; 40 m2-ko pertsona bakarrendako etxebizitzak, baserriak... jendeak eskatzen dituen irizpideen arabera, eta legeak zehazten duenaren arabera, planteamenduan zehaztuko da guztia". Planteamendu hori egiteko eta diseinatzeko herritarren parte-hartzea eskatu du alkateak, izan ere, dio batez ere gazteek esan behar dutela zein behar dituzten, horietara egokitutakoak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak