2.564.702 euroko aurrekontua onartu du Aramaioko udalbatzak 2026rako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 26a

Martitzeneko ezohiko osoko bilkurako une bat.

Martitzen arratsaldean egin zuten abenduko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2026rako aurrekontua, udal gobernuaren aldeko bost botoekin, eta EAJren ezezkoarekin. Aurrekontua 2.564.702,50 eurokoa izango da; iaz baino, 205.808 euroko gehiago.

Azken urteetan ez bezala, Aramaioko udalbatzak urtea amaitu baino lehen onartu du hurrengo urterako aurrekontua. 2026an 2.564.702,50 euroko aurrekontua onartu du. Horixe izan da udal gobernuaren proposamena, baina jeltzaleek aurka bozkatu zuten martitzeneko osoko bilkuran.

2026ko inbertsio nagusienak zeintzuk diren esatea "zaila" dela adierazi du Aramaioko alkate Asier Agirrek Aramaioko udaletxearen gaitasun ekonomikoa "justua" baita: "Dirulaguntzen bidez, udan zehar aterako dugu Suñako obra. Garrantzitsua da azpiegitura-obra hori. Lotuta daukagu dirulaguntzen %80; %20 falta zaigu. Gero, daukaguna da asfaltatze lan batzuk hainbat errepiderenak. Baita, auzobide batzuk hobetzea ere. Ibarran egin beharreko esku-hartze ezberdinak ere badauzkagu. Baina, tira. Aurrekontuetan inbertsio gutxi jasotzen dira ez daukagulako baliabiderik".

Aurrekontuak batzordeka landuta

Arlozka landu dituzte aurrekontuak, baina Agirrek azaldu du ehunekoak asko aldatzen direla: "Engainatu egiten gaituzte ehuneko horiek. Zergatik? Adibidez, euskaran sartu dugu dirua, baina hor sartu dugun diruaren gastu bat ogasunera pasatzen da, eta ehunekoa aldatzen da. Kulturan ere gauza bera gertatzen da. Jaietako partida ere jaso egin dugu, eta hor ere aldaketa dago". Euskara ikastaroetarako ere diru gehiago sartu dute. Bestalde, emergentzia talde bat bultzatzen ari dira, eta 6.000 euroko partida sartu dute. Kaleen mantenurako ere brigada talde bat eratu nahi dute, eta bi aukera jarri dituzte mahai-gainean.

Dena den, zerbitzuak mantendu egiten dira, eta aurreratu duenez inbertsio asko etorriko dira Gorbeialdeko Kuadrillatik: "Mankomunitatearen barruan, kuadrillatik daukagun gastua, hango langileen egoera aztertu eta eguneratu da. Kostu horiek gora egin dute, eta gero, zerbitzuek ere gora eign dute. Langile gehiago daude eta kostu horiek asumitu egin behar dira. Udalak ere langile gehiago izango ditu aurten, eta kostu horiek ere ogasunean gora egingo dute".

EAJren ezezkoa

Iaz bezala, aurten ere alderdi jeltzaleak ezezko botoa eman du aurrekontuen aurrean. Aramaioko EAJko bozeramaile Alberto Amenabarrek azaldu du udal gobernuak ez duela "inongo asmorik" jeltzaleen proposamenak adosteko edo adosten dena betetzeko: "Duela bi urte aurrekontuak onartu genituen; horretarako, emendakinak egin genituen. Iaz ezezkoa bozkatu genuen. Egindako eta onartutako ekarpenak ez dituzte bete. Bestetik ez dugu jaso denboraz inolako proposamenik guk gure ekarpenak egiteko. Aurrekontu bat ekarri dute onartzeko bai ala bai".

Azpimarratu dute aurrekontuak ez daudela "argi", eta aipatu dutenen artean diote, esaterako, soldatak ez dituztela modu lineal batean igo: "Soldatan %15 igo dituzte, baina azalpenak oso eskasak dira. Horren harira, ezin dugu onartu aurrekonturik. Soldatak igo dira pila bat, baina ez dago gardentasunik. Kale garbiketa eta beste hainbat arazo egon dira aurten, eta ez dugu ikusten inongo proposamenik arazo horiek geratzeko. Gure aldetik, ez dugu ikusten nola jarraitu aurrera".

Horren aurrean, Aramaioko alkateak erantzun du aurrekontuak batzordez batzorde landu dituztela, eta jeltzaleak ez direla batzorde horietara joan: "Batzordeetan jorratu ditugu partidak. Osoko bilkuran galdera pila egin dizkigute, batzordeetan jorratuta genituenak, eta aurka bozkatu dute. Haien erabakia da".

Herritarren ekarpenak jasota

Alabaina, urtean zehar egin dituzte bilerak herritarrekin ekarpenak jaso eta aurrekontuei buruz hitz egiteko, eta Asier Agirre alkateak dio saiatzen direla jendeak eskatzen duena kontuan hartzen: "Zaila da denon eskariak aurrera eramatea batzuk inbertsio handia dakarretelako, eta beste batzuk ezin ditugulako bete. Kontuan eduki behar dugu Aramaioko udaletxean aurrekontuen %85 inguru dagoeneko konprometituta dagoela zerbitzuetan eta udaleko langile nahiz baliabideetan. Aramaioko Udalak edozein proiektu eign behar badu, beti, dirulaguntza bilatzen saiatzen gara; Barajuenen egin dugun moduan. Dirulaguntzak lantzen ditugu AFArekin, gobernuarekin, ministeritzarekin edo Europarekin. Askotan, erantzunak ez ditugu urte erdira arte".

2026rako udal aurrekontua, batzordeka

Ogasuna-antolakuntza 1.079.115,00 €
Zerbitzuak 612.575,50 €
Euskara eta Hezkuntza 119.615,00 €
Kultura eta Kirolak 175.300,00 €
Mendiak-Ingurumena 157.750,00 €
Hirigintza-Auzoak 307.010,00 €
Gizarte ongizatea 103.337,00 €
Berdintasuna 10.000,00 €
Guztira 2.564.702,50 €

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak