Aramaioko Udala Ibarra herriguneko Mugikortasun eta Espazio Publikorako Plan bat lantzen ibili da, eta eguazten arratsaldean aurkeztu zuen ekintza plana, osoko bilkuren aretoan, herritarren aurrean. Mugikortasun eta Espazio Publikorako Plana mugikortasun azterketetan aditua den Gasteizko RAZ enpresak egin du. Besteak beste, jasotzen ditu trafikoaren berrantolaketa Pedro Inazio Barrutia kalean, A-2620 errepidean oinezko pasealekua, espazio publikoaren berregituraketa puntualak, Aramaioko ibilbide osasuntsuak, aparkaleku zentralizatuak eta autobus-geltokia lekualdatzea.
Asier Agirre alkateak aurreratu zuen Ibarran bi eremutan hainbat etxebizitza egiteko au- kerak zeudela planteatuta, 2012tik onartuta, baina eraiki barik: "Hausnarketa bat behar da, eta aldaketa bat. Kontuan izan behar da 12 urtean legeak asko aldatu direla. Eskakizun bat izan zen etxebizitzen ikerketa egitea, egin genuena, eta bestea mugikortasunarena. Hori kontuan hartuta egin duguna da aztertu Ibarran zein mugikortasun behar dauden, eta hori aurkeztu dugu".
Gehitu zuen bizitza eredua aldatzen ari dela, eta duela 40 urte bideak diseinatzen zirenean autoendako eta kamioiendako diseinatzen zirela; gaur egun, ordea, oinezkoak eta bizikletak lekua irabazten ari direla zioen: "Hori bultzatu behar da. Helburua da ahalik eta auto gutxien ibiltzea herri barruan, eta oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izatea. Zerbait orokorra da; hiriburuetan eta herrietan egiten ari direna".
Dena den, hasieratik argi utzi zuen Mugikortasun Plan bat dela, ez proiektu bat, eta planean ikusten dela zein behar dauden. "Etorkizun batean esku-hartzeak egin behar ditugunean erreferentzialtasuna ematen digu planak", zioen. Horregatik, herritarrei azaldu zieten ekarpenak egiteko epea zabalik dagoela: "Edozein proposamen edo ideia
baldin baduzue, planean jasota geratu daiteke. Zenbat eta lehenago egin, hobeto".
HERRITARREK
EKARPENAK EGIN
DITZAKETE, BAINA
AHALIK ETA AZKARREN
EGITEKO ESKATU DUTE
Noranzko bakarraren alde
Jasotako proposamenen artean dago, Pedro Inazio Barrutia kalea noranzko bakarrekoa izatea; Nardeagaren moduan, hegoal- de-iparralde norabidea soilik duen kale gisa uztea. "Gaur egun, bikoa da. Horrek eragiten du Nardeaga kalearekin ukitzen den puntua eremu gatazkatsua izatea. Modu horretan, karga kentzen da. Horregatik, planteatzen dena da frontoi aldeko sarrera sarrerako bidea izatea soilik, eta herriko irteera Iturrizuri kalean izatea".
Agirrek zioen herri gehienetan daudela noranzko bakarreko errepideak, eta horrek segurtasuna ere ematen duela, nahiz eta autoen buelta gehiago eman behar: "Bereziki okindegi inguruan ez dakizu autoa zein aldetatik etorriko den".
Adierazi zuten Pedro Inazio Barrutia noranzko bakarreko kale bihurtuz gero aparkalekuak diagonalean jartzeko aukera ematen duela, eta 15 bat plaza eskuratzea ahalbidetuko lukeela, Ibargoiako gabeziak arintzen laguntzeko. Kalearen atontze neurriak ere hartzea proposatzen da, ibilgailuen inpaktu bisuala murrizteko; adibidez, autoekin tartekatutako arbolak landatuz.
Bidegorria eta aparkalekuak
Aramaio eta Arrasate bidegorriz lotzeko proiektua badago, baina planean jasotzen da bidegorria luzatzea A-2026 errepidean Aramaio osoa hartu dezan, geroz eta gehiago erabiltzen delako aisialdirako eta ohikoagoa delako handik oinezkoak ibiltzen ikustea. "Jarduketa horrek bidea seguruago eta atseginago egiten lagundu dezake, eta herrigunearekiko lotura ezberdinak sortzen ditu".
Aparkalekuei dagokienez, diagnosian detektatu dute leku askotan modu irregularrean
aparkatzen dela, eta uste dute hori ekiditeko zerbait izan beharko litzatekeela. Santakurtz Abadearen plaza atzean badago aparkalekua, eta etxe batzuk egiteko lursaila da. Etxeak eraikiz gero, aparkaleku izateari utziko lioke: "Aparkatzeko marjina badago Iturrizuri kalean, baina aparkalekuen presioa areagotu egin daiteke". Horregatik, herriko hainbat lekutan aparkaleku zentralizatua egiteko aukera proposatu zuten. Hala ere, adierazi zuten aparkaleku batek ez duela zertan izan aparkaleku bat soilik: "Bestelako erabilera batzuk izan ditzake: espazioak, parkea... Horrek inbertsio gehiago eskatzen du". Oraindik non eraiki zitekeen erabakitzen ari zirela zioten.
Autobus-geltokia, zehazteko
Autobus-geltokiaren kokapena "eztabaida fasean" dagoela adierazi zuten. Gaur egungo tokia "deserosoa" izan daitekeela uste dute, zenbait momentutan oztopoak eragiten dituelako. Horregatik, bi aukera proposatu zituzten: geltokia Iturrizuri kalera lekualdatzea edo geltokia Santakurtz Abadearen plazan, Nardeaga kaleko sarreraren alboan jartzea. Kasu horretan, biraketa eremua Aita Gabriel Jauregi eta Pedro Inazio Barrutia kaleen gurutzaketara eramango lukete, eta puntu hartan biribilgune bat sortu. "Autobusen kudeaketa AFAri dagokio, eta hark baldintzatzen du diseinua".