Aramaioko Udala kezkatuta dago herriko hainbat auzotan ur-eskasia antzeman duelako. Aramaioko ur-sistemari dagokion inbertsio gehienek 30 urte baino gehiago dauzkate, baina horri lotuta, beste hiru faktore identifikatu dituzte: klima aldaketa, Abiadura Handiko Trenaren lanak eta ur-kontsumoaren igoera. Egoera "larritzat" jo du Aramaioko alkate Asier Agirrek. "Udazkena lehorra izaten bada, hemendik hilabete batzuetara ez dakit ze neurri hartu beharko ditugun, baina jendeak ez dezala sorpresaz hartu hemendik gutxira hasi behar bagara ur mozketak egiten".
Klima aldaketagatik ur-kaptazioak ahuldu egin direla azaldu du: "Asentzio eta San Adriango kaptazioetan ateratzen den ura Untzilla, Zabola, Azkoaga eta Barajuen auzoetan kontsumitzen den ura baino gutxiago da; askoz gutxiago".
AHTko lanetan, ustezko ihesak
Adif egiten ari den Abiadura Handiko Trenaren lanek ere eragina izan dezakeela irizten dio Aramaioko alkateak. Azaldu duenez, udaberrian amaitu zuten Induspeko tunela egitea, eta iruditzen zaie ordutik, Etxaguengo eta Gantzagako ur-kaptazioak ahuldu egin direla. "Adifek esaten du zigilatu egin behar duela tunel hori, eta orduan ikusiko dela zenbat ur galtzen den edo ez. Guk daukagun pertzepzioa da Asentzioko eta San Adrian dagoen ura tuneletik ihes egin eta errekara doala", dio.
Gehitu du, "oso datu zaila" dela kontrastatzea, baina txosten bat egin dutela, "historiala", azken 30 urteetan kaptazio horietan zenbat ur batu den eta zenbat banatu duten. Dena den, datuak badituzte: "Une honetan daukagun errealitatea da %70 galdu dela". Horregatik, Adifiz gain, Arabako Foru Aldundiari (AFA) arduraz jokatzeko eskatu diote; Agirreren esanetan, AFAk kontziente izan behar baitu "behar-beharrezkoa dela ura Aramaioko etxeetara heltzea".
Ur-kontsumoan aldaketak
Duela 30 urte egin ziren Aramaioko ur-sareak orduko beharrak asetzeko –batik bat, sukaldean eta komunean ura edukitzeko–, baina Udalak argi dauka kontsumo ohiturak aldatu direla, dena den kontzienteago izateko eskatu du: "Gaur egun denok ur gehiago kontsumitzen dugu, eta, agian, horrela izan behar da. Kontziente izan behar gara, bereziki uda partean, neurri hori ez bada kontuz hartzen, desoreka handia sortzen dela. Jendeak igerilekuak betetzen ditu, ureztapenak egin... Horretarako eskubidea dute, baina eskatzen diegu abisatzeko; batik bat guk kontrol bat emateko".
Azken hilabetetan zehar, zenbait momentu puntualetan bost edo sei baserri geratu dira, eta barkamena eskatu die: "Barkamena eskatu nahi diet kaltetuak izan diren herritar eta baserriei ura moztu zaienean. Saiatuko gara ahalik eta ongien egiten, baina jendeak ikusi behar du, hemen kontua zail dagoela".
Ur-sareari buruzko xehetasunak
Oletan kanpo kaptazioa duen depositu bat daukate, klorazio sistemarekin. Ibarran, berriz, 90eko hamarkadan Orixolen egin ziren "zulo batzuk" baliatzen dira ura banatzeko. Agirrek aurreratu duenez, Etxaguengo eta Gantzagako urak kalitate ona eta kopurua dute, baina lehortearen ondorioz "asko" jaitsi dira.
"San Adrian eta Asentzioko urak metal gehiago du. Ur ona da, baina edozer gauzetarako gastu gehiago dakar, eta askotan, gutxiago erabiltzen dugu ur hori. Gertatzen dena da galtzen ari garela ur hori". Etxaguengo eta Gantzagako ur-kaptazioak ere ahuldu egin dira. Etxaguengo manantialeko ura Ibarratik ponpatzen dute, handik Arrikoitiko eta Zubitxako depositura, eta hortik iristen da Azkoagako eta Untzillako deposituetara.