Otxandioko, Ubideko eta Legutioko gazte asanbladetako kideak elkartu ziren aramaioarrekin Gazte Mugakideen Egunaren bigarren aldia ospatzeko. Iaz izan zen aurrenekoa, Otxandion, eta Iraia Etxebarriak, Legutioko Gazte Asanbladako kideak dioenez, "oso balorazio positiboa" egin zuten iazkotik.
Hala, jarraipena eman diote aurten, "gaztetxeen eta gazte asanbladen arteko saretzea sustatzeko eta elkar ezagutzeko", Otxandioko Gazte Asanbladako kide Elai Ajuriak adierazi duenez. Saretze horrez jardun zuen Aramaioko Gazte Asanbladako kide Joseba Agirregomezkortak, eta zera adierazi zuen: "Komunitate politiko bat asetzeko balio du saretzeak. Gainera, inguruko talde eta ekimen kulturalak bultzatzeko aukera ere ematen du, eta herri txikietan elkar laguntzeko dagoen beharrari erantzuten dio".
Antolatzeak duen garrantziaz ere hitz egin zuten goizean egin zuten solasaldian, eta Etxebarriak honako hau nabarmendu zuen: "Gaur egun antolatzeko zailtasun handiak ditugu. Ikusten da gazteria ez dela duela urte batzuk bezain beste mugitzen. Aramaiori dagokionez, iaz aipatu zuten bazegoela antolatzeko eta asanbladari bultzada emateko motibazioa. Ikusi dugu Aramaioko jende dezente etorri dela hitzaldira, eta horrek pozten gaitu".
Solasaldiaren ostean hainbat ekintza
Solasaldia bukatuta, murala margotzeari ekin zioten herri guztietako asanbladetako kideek. 14:30ean bazkaria egin zuten Aroa Arrizubietaren, Peru Abarrategiren eta Anitz Abarrategiren bertsoez girotuta, eta ostean, mahai-jokoetara jolastu zuten. Egunari bukaera emateko, 22:30ean hasita, Funax, Barrena, Randa eta Embleskok kontzertua jo zuten; ostean, Shoes Guate DJ-ak emanaldia egon zen.