Txindokiko kilometro bertikala irabazi zenuen maiatzaren 18an; hiru urte lehiatu barik egon ostean, ezustekoa izan zen?
Niretzat ez zen ezustekoa izan. Akaso, kanpora begira, sorpresa hartu zuen bateren batek, baina konfiantza osoa nuen neure buruarengan. Banekien nolako denborak nerabilen esku artean, eta nolako gorputzaldia nuen. Banekien maila onean nindoala. Prestakuntza onarekin. Irabaziko duzula inork ez dizu bermatzen.
Baina maila ona ematetik irabaztera badago beste pauso bat, askotan oso handia dena.
Nik oso garbi nekien gorputzaldi ona nuela, baina horrek ez dizu ziurtatzen irabazi egingo duzunik. Aurkari gogorrak izan arren, sentsazio onak izan nituen hasieratik. Prestakuntza ona egiten denean, normalean, emaitzak bakarrik etortzen dira; baina horrek ere ez dizu bermatzen garapena.
Lasterketak alde batera uztea erabaki zenuenean, gorengo mailan zenbiltzan; nolakoa izan da itzulera? Zaila?
Ez da izan ez zaila ezta gogorra ere. Lasterketak egiten ditut disfrutatzeko; beraz, sakrifizio bilakatzen direnean edo gustura egiten ez direnean, ez du merezi aurrera jarraitzea. Beraz, esango nuke bidea naturaltasunez eta modu errazean egin dudala. Egia da, era berean, martxa hartzea kosta egiten dela. Niri dezente lagundu dit mendiko eski denboraldia egin izanak. Hari esker heldu nintzen indartsu Txindokira.
"BERTIKALETAN
SENTITZEN NAIZ
EROSOEN, BAINA
MARATOI ERDIAK
PROBATU GURA DITUT"
Hiru urte hauetan ez zinen kirola egin barik egongo.
Bizitzan dena ez da lehiatzea. Dortsalak jantzi barik egon izanak ez du esan nahi geldi egon naizenik. Beste era batera egin dut kirola, eta beste hainbat gauza. Bizitzak esparru mordoa ditu, eta horietan nire gauzak
egin ditut hiru urte hauetan, eta asko disfrutatu dut, gainera.
Mendiko eskian ere eroso sentitu zara?
Abenduko elurtean hasi nintzen eskiarekin, Urbian. Ostean, euskal selekzioaren deialdi ireki batean parte hartu nuen, eta Andorrako proban parte hartu nuen. Urtarrilaren 17an izan zen, eta berdeegi ikusi nuen
neure burua, baina nonbaitetik hasi behar da.
Mezzalaman ere egon zinen, Axi Alonsorekin bikote eginez; gustura geratu zinen egindako lanarekin?
Munduko binakako distantzia luzeko proban parte hartu nuen. Hara beste gorputzaldi batekin heldu nintzen. Maila handiko eskiatzaileak egon ziren eta kilometro askoko proba izan zen. Ez zen nire gaitasunetara ondo egokitzen, baina disfrutatu nuen.
Zer ematen dizu mendian ibiltzeak?
Bertsolaritzarekin parekatuko dut. Bertsotan jardutea bezala, mendia entretenimendua da niretzat. Kirola egiteak eta mendian ibiltzeak umorean eragiten dit. Gauzak pentsatzeko eta hausnartzeko unea izaten da. Hau ere, bertsotan egitea bezala, entretenimendu bat da. Erronka ere bada, etengabeko hobekuntza lortzeko.