Aramaioko Udalak hainbat erreklamazio helarazi dizkio Foru Aldundiari, errepide-sarearen hobekuntzaren alde

Sara Lanz 2025ko api. 17a, 13:42

Aramaioko alkatea eta Arabako Foru Aldundiko Errepide Saileko arduradunak bildu dira herriko azpiegitura nagusien egoera aztertzeko eta etorkizuneko proiektuak bideratzeko helburuarekin.

Atzo, apirilak 16, Aramaioko Udalak Foru Aldundiko Errepide Saileko arduradunak hartu zituen, besteak beste, Jon Nogales Arabako Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren foru diputatua. Bisitaren helburua izan zen udalerriak azken urteotan bideratutako erreklamazio nagusiak aurrez aurre partekatzea, eta bertatik bertara aztertzea zenbait bide eta azpiegituren egoera. Horien artean daude AHTren eraikuntzaren ardura duen Adif erakundearen obren ondorioz amaitu gabe geratu diren lanak, auzoetako errepideen mantenua, Untzillako oinezkoen segurtasuna, eta Arrasaterantz ur zikinak eramateko sarearen proiektua.

Asier Agirre Aramaioko alkateak azaldu zuenez, “duela hamabost urte hasi ziren abiadura handiko trenaren lanak, eta ordutik hainbat puntu amaitu gabe geratu dira. Untzillako errepidea edo beheko bidegurutzea dira horren adibide argiak”.

Bisitan, auzoetako bi errepide ere erakutsi zizkieten Aldundiko ordezkariei: Etxaguen eta Uribarriko bideak, hain zuzen. “Biak daude egoera kaskarrean eta inbertsioak behar dituzte”, zehaztu zuen Agirrek. Alkateak aukera baliatu zuen, halaber, Ibarratik Arrasatera ur zikinak bideratzeko proiektu berria aurkezteko, baita bidegorria egiteko asmoa ere.

Untzilla auzoko oinezkoentzako pasabide segurua izan zen beste puntu nagusi bat. “GR121 ibilbidea hemendik pasatzen da, eta asteburuetan jende asko ibiltzen da. Gainera, eliza eta elkartea alde batean daude, eta auzoko bizilagunak beste aldean. Segurtasun neurriak ezinbestekoak dira”, nabarmendu zuen alkateak.

Jon Nogales foru diputatuak argi utzi zuen lurraldeko udalerri guztiekin gertuko harremanak izatea dela euren lan egiteko modua: “Guretzat funtsezkoa da lehen eskutik ezagutzea tokiko erakundeen behar eta eskaerak. Aramaioko alkatearen gonbidapena jaso eta hemen izan gara egoeraren diagnostiko zehatza egiteko”.

Nogalesek azpimarratu zuen Adifen lanek hainbat eragozpen sortu zituztela eta konpromiso batzuk hartu zirela: “Batzuk bete dira, baina beste batzuk oraindik gauzatu gabe daude. Gure eskumenen barruan diren azpiegituren hobekuntzak egingo ditugu, eta Adifekin harremanean jarraituko dugu besteak bideratzeko”.

Aurrera begira

Amaitzeko, foru diputatuak esan zuen orain analisiaren eta azterketaren txanda dela: “Gaur aztertutako puntu guztiak ikuspegi tekniko eta legaletik berrikusi beharko dira. Ondoren, kronograma bat zehaztuko da, helburu eta epeekin. Eta, jakina, udalarekin harremanak mantentzea funtsezkoa izango da aurrerantzean ere”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak