Etxebizitza premiaren gaineko hausnarketa egiten dabiltza Aramaion

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko mar. 14a, 09:07

Udalak, Aztikerrekin batera, galdetegi bat jarri du herritarren eskura dituzten etxebizitza beharrak zeintzuk diren jakiteko; 'online' edo paperean bete daiteke. Ondorioak atera eta helburua da urte pare batean Aramaion etxebizitzak egitea.

Aramaioko Udala arduratuta dago biztanleak herrian mantentzearekin, eta herritarren artean ere badago kezka hori. Izan ere, esaterako, joan den zapatuan ospatu zen Emakumeen Nazioarteko Egunean, Aramaioko talde feministak eta Iturzurik bultzatuta etxebizitzen gaia izan zuten berbagai gosari-tertulian, eta hauxe azaldu zuen talde feministako Irati Mujika Larretak: "Etxebizitzaren gaia lehenagotik genuen kezka bat bazen; iazko ikasturtean sei umek utzi zuten eskola, familia haiek ez zeukatelako Aramaion etxebizitza duinik eskuratzeko aukerarik, eta alarma piztu zitzaigun. Orain jakin dugu hurrengo ikasturterako bi ume bakarrik matrikulatu direla eskolan, eta berriz piztu zaigu alarma. Gainera, bertatik joan behar izan duten familiekin egon ginen zuzenean, eta denek nahi zuten hemen euren bizitza garatu, baina, etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunagatik, kanpora joan behar izan zuten". 

Asier Agirre alkatea ere arduratuta dago gaiarekin; izan ere, adierazi du azken urteetan ez direla etxebizitzak egin ez Ibarran, ezta auzoetan ere; jaiotza-tasa jaisten dabilela; bigarren eskuko etxebizitzak merkatura ez direla horrenbeste irteten; etxe hutsen kopuru bat ere badagoela; eta eskaria ere bai Ibarran zein auzoetan etxebizitzak egitekoa. Hori guztia kontuan hartuta, galdetegi bat prestatu dute, Aztiker Ikergunearen laguntzarekin, etxebizitza premiak zeintzuk diren jakiteko. Alkatearen hitzetan, helburua da urte pare batean Aramaion etxebizitzak egin ahal izatea. 

Galdetegia, premiak ezagutzeko 

Martxoaren 23ra bitartean bete ahalko dute galdetegia 18 urtetik gorako aramaioarrek; zenbat eta herritar gehiagok bete orduan eta diagnostiko "sakonagoa" egin ahalko dutela azpimarratu dute. Galdetegia online bete daiteke, Udalaren webgunean, eta udaletxean paperezko galdetegia dago eskuragarri. 

Batetik, auzoetan "legeak uzten duen apur hori" ahalik eta azkarren bideratu nahi dute, eta hor bi aukera azpimarratu ditu alkateak: familia bakarreko etxebizitzak edo etxebizitza kooperatiboak: "Eusko Jaurlaritzak jartzen digun baldintza da baserri bakoitzean bi etxe egin daitezkeela, baina badaude beste aukera batzuk; etxebizitza batean hainbat logelatako apartamentuak, esaterako". Oleta urbano bezala izendatuta dago, eta Ibarran ere jakin nahi dute zein den egungo beharra. Beraz, galdetegitik aterako dituzte ondorioak, premiak ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak