Paula Amilbururen Pinto Pinttok egin du aurrera Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan

Hasier Larrea 2025ko mar. 10a, 15:30

Aramaioko herri eskolan jokatu dute txapelketako bigarren finalerdiko kanporaketa gaur, eta Gasteizko taldeak eskuratu du finalerako txartela. Etxean jokatu du Izena Pentsau Bida 2 taldeak, baina esku hutsik geratu dira. Nolanahi ere, grazia handiarekin egin dute bertsotan, Arabar Errioxako eta Gasteizko bertsolariek bezala.

Txapelketa serioarena baino, bertso eskolen arteko pike sanoaren itxura daukan ekitaldia da Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa. Aramaiotik hiru taldek eman dute izena aurten, eta dagoeneko bi kanpoan geratu dira: Bañera F.T.-k otsailaren 28an egin zuen kale Narbaizan, eta Izena Pentsau Bida 2-k, gaur. Hortaz, esperantza guztiak Aramaixoko Taluek taldean dituzte jarrita; ea nola moldatzen diren Gillernan martxoaren 23an.

Ziurra da, behintzat, gutxienez aramaioar batek kantatuko duela Gasteizko finalean apirilaren 5ean, Paula Amilburuk Gasteizko Pinto Pintto taldearekin lortu baitu gaur sailkatzea. Gasteizko Inkostantinoplan Potoz Poto taldea baino puntu gehiago lortuta iritsi dira bukaerako fasera, eta hor Arabar Errioxako Txandrio taldearekin neurtu dute bertsotarako abilezia. Izan ere, Txandriokoek Izena Pentsau Bida 2 taldekoek baino puntu gehiago lortu dituzte goizean; hor bukatu da, beraz, Manex Agirre, Gari Arexolaleiba, Aitor Ugarte, Eñaut Olaziregi eta Iraide Onaindiarentzat aurtengo txapelketako ibilbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak