Atzo, eguena, egindako ohiko osoko bilkuran onartu du Aramaioko Udalak 2025erako aurrekontua. 2.358.894 eurotako aurrekontua da, iazkoa baino 105.000 euro gehiagokoa. Asier Agirre alkateak adierazi du nahi baino beranduago onartu dituztela, baina gustura daudela: "Gure nahia baino beranduago onartu ditugu 2025erako aurrekontuak. Urte bukaeran nahi genuen onartzea, baina arazo desberdinengatik –kurtso, formazio, langile eta hainbat konturengatik– hona heldu gara. Gustura gaude, pixka bat igo da iaztik hona, %4,85. Inbertsio batzuk proposatzen dira egitea aurten eta beste batzuk aurrekontuetan ez badaude islatuta ere, landuta daude eta 2025a urte gogorra izango da Udalarendako".
Inbertsioetan azpimarratzekoak
Inbertsioetan azpimarratzekoak diren hainbat proiektu dituztela adierazi du alkateak: "Gazteendako aisialdirako partida bat zabaldu da 20.000 euro ingurukoa; konpost-guneetan 50.000 euro inguruko inbertsio batzuk egin behar ditugu auzoetan eta Ibarran zaborren kudeaketarako konpost-guneak sortu behar direlako, formazioak egin behar direlako eta materiala ere erosi behar delako; mendi eta ingurumen esparruan, 20 bat hektareako lurren erosketak egingo ditu Udalak erabilpen publikorako; Añabarriren proiektuarendako partida ere badago, eraikina erosi eta bertan inbertsioak egiten hasteko; eta obra handiak etorriko direnak atzetik ez dira guztiz azaltzen oraindik aurrekontuetan, baina hemen aurrean datoz".
Diru-laguntza batzuk ere, lotuta
Agirrek azaldu du ogasunaren eta zerbitzuen atalek aurrekontuen %90a eramaten dutela "egunerokotasunak jan egiten gaitu", dio. Horregatik, inbertsioetarako diru gutxiago egoten dela. Dena den, hainbat proiektutarako diru-laguntzak izango dituztela gaineratu du: "Lotuta dauden diru-laguntza batzuk hauek dira: eskola inguruan biomasa kaldera egitea; Barajuenen eta Suñan egingo diren obrendako ere lotuta daude diru-laguntzak, obra handiak doazelako; Ibarratik Arrasatera bidean dagoen Añabarri baserria ere lehenengo erosi egin behar da bidegorria hortik doalako, eta, eraikin horretarako proiektu bat lantzen gabiltza mendi-inguruneaz, naturguneaz eta bertako faunarekin eta abarrekin lotutako proiektua izango dena; Torraldeko proiektua ere martxan dago, Torraldeko menditxoan bertako ondarea berreskuratzeko proiektua –iaz azterketa egin zen eta hori jarraitzeko beste diru-laguntza batzuren bila gabiltza–".
Bestelako lanak
Herri mailan ere "obra txiki batzuk" egiteko daudela adierazi du alkateak eta konponketa batzuk ere egin behar direla, beraz, badagoela zeregina.
EAJ, kontra
2025eko aurrekontuen kontra bozkatu dute EAJko bi alderdikideek eta Alberto Amenabar bozeramaileak bi arrazoi nagusi azpimarratu ditu: "Iazko aurrekontuetan alde bozkatu genuen, izan ere, ekarpen batzuk egin genituen, baina ekarpen horiek ez dira bete; akordio bat zegoen EH Bilduren eta gure artean, eta ez direnez bete, ezin dugu jarraitu konfidantza hori ematen, hori alde batetik. Bestetik, bi egun bakarrik izan ditugu aurrekontuak ikusteko eta ekarpenak egiteko, orduan uste dugu ez dela bidezkoa”.
Beste kontu batzuk
EAJk hitza hartu zuen osoko bilkuran eta kultura etxeko zerbitzua eskaintzen duen Ostadar enpresa eta Aitor Larrañaga teknikariari buruz jardun ziren: "Dakigun bezala Ostadar enpresako langile biek udaletxea salatu zuten eta ikusi dugu nola aurkeztu den eragozpen txosten bat eurak agertzen direnak. Ostadar dago hemen kontratatuta 2010etik, baina 2014tik daude kontratu gabe zerbitzua ematen, eta ez dauka inongo soporterik. Ez eurek, ez Aitor Larrañaga tenikariak ere, 2018tik kontratu gabe dagoelako. Eta hainbat eta hainbat daude. Hori ez da kudeatzeko bidea". Eta beste hau gaineratu du: "Horretaz aparte ikusten dugu informazioa dagoela hor, Ostadarren kasuan, adibidez, 2019an Ostadarreri hasiera batean bilkura batean erabaki zen hasiera ematea euren espedienteari, baina atzo egon ginen ikusten Ostadarren espedientea hemen, Udalean, eta hainbat dokumentazio falta dira".
Alkateari horri buruz galdetuta, hauxe erantzun du: "Horiek udaletxean hobetu beharreko gauzak dira".