Eguraldia ez zuten lagun izan aramaioarrek zapatu goizean, baina horrek ez zuen zapuztu urteroko ohitura bilakatu den ekimena: baserriz baserri santa-eskean ateratzea. Besteak beste, Papargorri abesbatzakoak, Bertso Eskolakoak, Alaiak kantu taldekoak eta Trikitixa Elkartekoak batu ziren plazan, eta bi taldetan banatuta ekin ziote herriko kaleak eta baserri inguruak kantuz josteari.
Belaunaldi ezberdinak batuta
Gazteenetatik hasi eta zaharrenak arte atera ziren zapatuan kalera, eta hori da Alaiak kantu taldeko Pedro Martin Etxeberriak nabarmendu zuena: "Ikusi daiteke jende gaztea ere animatu dela, eta horretan ari gara; zaharrenok alde batera egin, eta jende gazteak lekukoa hartzea gura dugu, lehengo usadio zaharrari bultzada emateko".
Urtetik urtera "indarra hartzen" ari den ekimena dela diote Bertso Eskolako kide Manex Agirrek eta Papargorri abesbatzako zuzendari Larraitz Arriolabengoak, eta duela hamar urte egindako antolakuntza-erreleboari jarraipena ematea da helburua. "Duela hamar urte inguru egin genuen aldaketa, Santa Ageda biziberritzeko helburuarekin. Sartu ginen Aramaioko kultur talde batzuk horretarako, eta ordutik hona gero eta jende gehiago batu da", adierazi zuen Agirrek.
Bazkaria eta gerokoak
Goizean goizetik hasita kantuan ibili eta gero, elkarrekin bazkaldu zuten indarrak berreskuratzeko eta arratsaldean, berriro ere, herriko kaleetan zehar kantuan jarraitzeko.