Azoka, dantzak, musika eta gehiago Aramaioko Jubilatuen Jaia ospatzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urr. 29a, 15:25

Urtero bezala, urriko azken zapatuan ospatu dute Aramaioko Jubilatuen Eguna. Egun euritsua izan arren, ez zen oztopo izan eta erretiratu nahiz herritarrek hartu zuten parte egunerako antolatuta zeuden ekintzetara.

Jubilatuak eguneko protagonista, baina herriko eragile eta ekoizleek ere hartu zuten parte Aramaioko Jubilatuen Egunean. Goizean goizetik herriko trikitilarien kalejirak alaitu zituen herriko kaleak eta ondoren, nola ez, azoka; herriko ekoizle eta artisauek euren produktuez betetako postuak jarri zituzten. Alaiak Erretiratuen elkartetik gustura agertu ziren egunarekin, eguraldia lagun ez izan arren.

Herriko ekoizleen erakusleiho izaten da azoka, eta abereen erakustaldiaz gain, herriko ekoizle eta artisauek, besteak beste, barazki, fruta, mermelada edota ezti postuak jarri zituzten. Azoketara joateko ohiturarik ez dutenek ere jartzen dituzte stand-ak euren produktuak ezagutarazteko.

Jubilatuen Egunean, mezaren ostean, ohi bezala Lagun Artean dantza taldeak eta Papargorri abesbatzak emanaldia eskaini zuten. Eguraldiagatik kanpoko frontoira lekualdatu zuten.

Erretiratuek bazkariarekin amaitu zuten eguna, eta herriko emakume eta gizon nagusiena omentzeko aprobetxatu zuten. Beste urte batez, Arraga auzoko Fermin Etxebarria eta Suñako Eustakia Agiriano izan dira omenduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak