Statkraft enpresa norvegiarrak Eskoriatza eta Aramaio artean eraiki asmo duen Itsaraz parke eolikoaren proiektuaren tramitazioa erritmo onean doa, Eusko Jaurlaritzatik eta Arabako Foru Aldunditik jakitera eman dutenez: erakunde bien ingurumen-txosten positiboak jaso ditu proiektuak eta Ministerioaren eskumenekoa den behin betiko ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren zain dago uneotan.
Statkraftek -egitasmoa aurrera eraman ahal izateko- Aramaioko eta Eskoriatzako udalei egindako eskaerek ez dute aurrera egin, ordea: Eskoriatzako Udalak bezala, Aramaiokoak ere ez du onartu Itsaraz Parke Eolikoaren plan berezia izapidetzea, alegia, ez du onartu aerosorgailuak jarri gura dituzten eremuko lurrei baso edo mendi izaera kentzea. Aramaioko osoko bilkuran, EH Bilduren kontrako botoekin geratu zen eskaera bertan behera -EAJko zinegotziak ez ziren saioan izan, agenda arazoak argudiatuta- eta, oraingo astean, erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu du Statkraft enpresak.
Alegazioei erantzuna
Duela urtebete pasa, herritarren 400 bat alegazio aurkeztu zituen Aramaixo Bizirik herri plataformak multinazionalak Aramaioko eta Eskoriatzako mendietan egin nahi duen zentral eolikoaren aurka, baita Udalak ere bereak. Baina alkatearen esanetan, eskakizun txiki batzuk salbu, ez dituzte onartu, eta hasierako asmoak bere horretan jarraitzen du ia bere osotasunean.
Aurtengo uztail amaiera aldera, Udalak eskatuta, Statkrafteko ordezkaritza bat Aramaion izan da, planoetatik harago, dituzten asmoak bertatik bertara azaltzeko, baina euren jarrerak kontrakoa izaten jarraitzen duela berretsi du alkateak.
Eskoriatzako Udalarekin eta linea elektrikoak hartuko lituzkeen Atxondo, Abadiño eta Elorrioko udalekin eskutik doazela gaineratu du Asier Agirre alkateak.
Green Capital Power enpresaren proiektua
Green Capital Power enpresak Aramaion, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Legution eraiki asmo duen lau haize errotako parke eolikoari buruz galdetuta, bestalde, oso informazio gutxi dutela eta eurenera ez dela ezer heldu adierazi du.