Udalbatzako kideak martitzenean batu ziren uztaileko ezohiko osoko bilkura egiteko. Tratatutako gaien artean, Itsaraz Parke Eolikoaren plan bereziaren gainekoak izan zituzten berbagai. Norvegiako Statkraft enpresak hiru lurraldetan egin nahi duen lanen baitan hutsuneak daudela adierazi du Udal Gobernuak.
Tramitazioa onartu gabe
"Itsaraz proiektua aurrera eramateko tramite bat da plan berezi bat aurrera eramatea. Eskoriatzako Udalari eta Aramaiokoari bidali digute, plan berezi hori tramitatu ahal izateko. Guk, plan berezi hori hartuta, ikusten dugu beste lan batzuk egin beharrekoak daudela, ebakuazio-lerroak izenekoak; hau da, Abadiñoko azpiestaziora eramateko argindarra. Lan horiek ez daude planean sartuta. Uste dugu aurkeztu diguten plan horretan sartu beharreko lanak direla. Horregatik, plan berezi hori oraingoz ez dugula tramitatuko onartu dugu", adierazi du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.
Alderdi jeltzaleko kideak abstenitu egin ziren Itsaraz Parke Eolikoaren plan berezia izapidetzeko ez onartzeko proposamenarekin lotuta.
"Birplanteaketa, beharrezkoa"
Eskoriatzako Udal Gobernuak ez du begi onez ikusten Itsaraz Parke Eolikoaren proiektua. Proiektuaren barruan dauden gainontzeko herriei gehiago eragiten diela dio Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak, baina "birplanteaketa bat" beharrezkoa dela uste du. "Aramaiori eragiten dio, bereziki, parke eolikoak, baina, guri dagokigunez, Eskoriatzan zazpigarren haize-sorgailutik zortzigarrenera izugarrizko bideak egin behar dituzte, sekulako harri-lubeta [eskollera] egin nahi dute, eta uste dugu sekulako astakeria dela. Ez gaude ados. Beste modu batean planteatuz gero, akaso, beste ikuspuntu bat izango genuke".
Aldaketak egin gabe
Starkraftek orain arte Eskoriatzako Udalera bidali duen informazioa planoaren gainean egindakoa izan dela dio Zubizarretak, baina ingeniariak Eskoriatzako haize-sorgailuaren kokapena ikusten egon zirela. "Madrildik ingeniari bat etorri zen, eta harri-lubeta egitea akaso ez zela beharrezkoa esan zuen. Aldaketekin berriro bidali ziguten proiektua, baina harri-lubeta kendu barik… Eremu hori Lata ingurua izango litzateke; Asentsio azpitik, Apotzaga aldera".