Maiatzaren 7an eman zioten hasiera hamabigarren Loraberri Asteari. Hainbat hitzaldiren ostean, egitaraua borobiltzeko, Loraberri Azoka egin zuten zapatuan. Askotariko produktu ekologikoak izan ziren salgai bertan, eta jende ugari bertaratu zen hauek ikusi eta erostera. Antolatzaile zein ekoizleak oso pozik agertu ziren jendeak egindako harrerarekin. Aramaioko Euzki okindegia, Angiozarko Aterpe olio ekologikoa eta gaztaina-irina, Maringo argizari-oihalak, Garaiko kontserba ekologikoak eta garagardoak, Orendaingo Izpiliku kosmetika naturala, Fikako Olatxuko labore ekologikoak, Etxetxiki ortuari ekologikoak, Oreindaingo Larreta esneki ekologikoak eta Bidezko Merkataritza izan ziren postua jarri zuten ekoizleak. Hauez gain, Aramaixo Bizirik taldeak jatekoa eta edatekoa eskaini zuen, proiektuaren inguruko informazioa ematearekin batera.
Amillubi proiektua
Biolurrek, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkarteak, martxan jarritako proiektua da Amillubi. Zestoan kokatutako Amillubi baserria eta bere lurrak erosi dituzte, herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izateko asmotan. Proiektuaren festa eta Loraberri Azoka data berdinetan izan dira, eta proiektuaren inguruko informazioa banatzeko aprobetxatu dute. Horrez gain, proiektua ekonomikoki babesteko, zozketa bat antolatu zuten azokaren antolatzaileek.
Liburu aurkezpena, urrira
Haizea Lopez idazlea Aramaion kokatzen den Alianza de Sangre liburua aurkeztekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen aurkezpena gauzatu. Urrian egiten den Jubilatuen Eguneko Azokara atzeratu dute aurkezpena.