2.253.580 euroko udal aurrekontua onartu dute Aramaion

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko api. 26a, 12:08

Aho batez onartu ditu Aramaioko udalbatzak 2024ko udal aurrekontuak. EAJk adierazi du eurak egin dituzten proposamenak udal gobernuak onartu dituelako eman dietela baiezkoa aurrekontuei.

2024ko ekitaldirako 2.253.580,83 euroko aurrekontuak onartu ditu udalbatzak atzo eginiko osoko bilkuran. Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak aldeko zazpi boto izan zituen –EAJko bi alderdikidek ez zuten parte hartu osoko bilkuran–. Libe Ramila udal gobernuko ordezkariaren esanetan, kostatu egin zaie aurrekontuak egitea: "Alkate aldaketa bat egon da, eta azkenean, luzatu egin zaigu. Gu gara lehenak komeni zaigunak baiezkoa ematea. Gainera, adostasuna egon da. Hortaz, pozik gaude".

Aurrekontuen %85 inguru zerbitzuetara bideratuko da, eta nabarmendu du inbertsio nagusiak dirulaguntza bidez egingo dituztela. Berritasunen artean aipatu du, Berdintasuna Ongizatetik ezberdindu dutela: "Berdintasunari bere izaera propioa eman diogu, eta hortaz, igo da diru kopurutan". Alabaina, inbertsio nagusien artean azpimarratu ditu zebra bideak egokituko direla eta Mugikortasun Plan bat idatziko dutela. Plan orokorrean, berriz, etxebizitzak birplanteatuko dituztela dio, eta ondarea inbentariatzen jarraituko dutela. "Kulturan saiatu gara auzoetako dirulaguntzak handitzen herri izaten laguntzen diguten ekintza horiek aberasteko", dio.

Aldaketa "drastikorik" ez dela egongo azaldu du: "Urteroko lan ildoekin jarraitzen dugu. Saiatzen gara herria bizigarriago egiten duten elementu horietan handitzen diru kopuruak txikiak izan arren".

EAJren proposamenak

EH Bilduren udal gobernuak egindako proposamena ondo ikusi dute jeltzaleek, baina "hutsune batzuk" ikusi zituztenez proposamenak egin dituzte. Ekarpenak eginda eta gehienak onartuta, argi berdea eman diote aurrekontuei. "Martitzenean eduki genuen batzordea eta bertan proposamen batzuk egin zituzten. Gehienak onartu ditugu; batzuk gainera interesgarriak izan ziren", dio Ramilak.

Proposamenen artean daude, besteak beste, Guraso elkarteari 1.000 euro gehiago ematea, Pedro Inazio Barrutia kalean barandaren jartzea, etxeetan suteen kontrako sistema jartzeko partida bat jartzea edota nerabeen mugikorraren erabileraren kontzientziaziorako kanpaina martxan jartzea. Amiantoaren errolda egitea ere eskatu dute. "Errolda hori urtean zehar lantzea da asmoa, gero ikusteko zer egin behar den guztia kentzeko. Hori kudeatzera behartuta gaude, Europar Batasuneko legeak direla eta. Lehen pausoa errolda egitea izango litzateke", diote EAJko Alberto Amenabar eta Jonatan Morenok.

Osasun mentalean aholkulariren bat jartzea ere proposatu du EAJk, eta udal gobernua gaia aztertzekotan geratu da.

Hurrengo osoko bilkura maiatzaren 30ean izango da arratsaldeko seietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak