Urtarrilaren 13an irabazi zuen Aramaioko The Clayton taldeak bosgarren Danbaka musika lehiaketa; ordurako hasita zeuden kantu berriak sortzen, eta sari nagusia irabaztea akuilua izan da Over the red light, boskotearen bigarren lana, laberatzeko.
Inertzia da, orain arte, sare sozialetan aurkeztu duten abesti bakarra, eta taldekideak "gogotsu" daude bilduma osoa zaleekin partekatzeko. Hala dio taldeko abeslari Jokin Larrañagak: "Feedback positiboa ari gara jasotzen, jendeari gustatu zaio Inertzia abestia, bada, bilduma berriaren atzetik egon den lan guztia erakusteko gogotsu gaude. Rock-and-roll estiloan euskaraz abestutako kantuak falta direla ikusten dugu, eta, horregatik, euskarazko kantuen alde egin dugu, oraingoan. Zortzi abestitatik sei euskaraz dira, eta gainontzeko biak ingelesez daude, nahiz eta taldekideok asko entzuten dugun ingelesez egindako rock-and-rolla, baina hor dago gure kulturaren aldeko apustua".
Plataforma digitalez gainera, formatu fisikoan argitaratzeko asmoa azaldu dute. "Durangoko Azokan Musikazuzenean stand-ean egongo gara, eta espero dugu lana denboraz heltzea, eta bestela B planen bat izango dugu prest. Ondoren, tabernetan eta kontzertuetan ere izango da, bi formatutan, eskuragarri".
Kolore gorriak batuta
Aurreko diskoan moduan, oraingoan ere, taldeko abeslariak izan du kantuen hitzak idazteko ardura. "Diskoaren izenburuak barruan dagoenarekin koherentzia bat izan behar zuela argi ikusten nuen letra-egile moduan, eta kostatu zitzaidan kantuen arteko lotura zein zen asmatzea. Kantu bakoitzak arazo sozial bati buruz egiten du berba, modu baten esanda, alarma gorri bat pizten du bakoitzak; bada, gure gizartean kolore gorriak dituen konnotazio negatibo edo debeku-adierazleak aintzat hartuta, Over the red light esaldiak kantuak egoki batzen zituela ikusi genuen".
Ikuspegi ezberdinetatik begiratuta gaur egungo gizartearen askotariko gaien inguruan kantatu dute sorta berrian. "Aurkeztu dugun Inertzia abestian gaueko kontuak ekarri ditugu, hau da, parranda-giroan ikusten diren egoerak eta gauzak. Bide antzerakotik doa Gose dira izena duen kantua ere, gauari buruzkoa da-eta hori ere".
Gauari ez ezik, besteak beste, despopulazioari eta azpi-egitura handien eraginei ere kantatu diete aramaioarrek. "Aste Santuko oporretan ezagutu nuen Jaka eta Girona batzen dituen N-260 errepidea, eta han sortu zitzaidan izen horrekin sinatu dugun kantuaren ideia. Espainiako despopulazio mailarik altuena du errepide horrek zeharkatzen duen lur-eremuak, eta alarma gorria piztu zitzaidan. Nazioarteko enpresa handiek Euskal Herrian egiten ari diren azpiegitura handiek eragindako triskantzei buruzkoa da Bufalo. Urrunago joan barik, Aramaion, gertutik ezagutu ditugu AHT egiteko aitzakiarekin egindako astakeriak, lur-jabetzak direla, eta, orokorrean, ingurua nola utzi duten; kantu horrek esaten du zein beharrezkoa den jarrera estoiko bat erakustea kanpotik datozen proiektu handiei aurre egiteko; bada, jarrera hori pizteko sortutakoa da. Eta beste abesti bat aipatzearren, esaterako, Aingurarik ez izenekoan, lanarekiko edo ogibidearekiko askok duten ilusio faltari buruz jarduten dugu; izan ere, jende asko ikusten dugu gertukoen artean eta baita orokorrean ere gogoz kontrako lanetan ari dena, eta horrek eraginda, asteburuari zain egoten dena, ezinegon hori erretzeko behar edo esperantzarekin".
Punk-rocketik aldenduta
Melodia edo doinuei dagokionez, aurreko lanarekin alderatuz, antzekotasun batzuk badaudela dio Larrañagak, nahiz eta beste estilo batzuen arteko nahasketara jo duten. "Inertzia kantuak beste diskoaren antza duela esan digute batzuek, baina nik esango nuke, musikari begira, egun helduagoak garela; talde moduan hobeto funtzionatzen dugu, azkarrago ekoizten ditugu kantuak, eta sekula kantu-eskolarik jaso ez dudan arren, egindako ibilbidean zehar asko ikasi dut, erosoago nago orain eta beste erregistro batzuetara heltzen naiz. Beraz, aurreko lanarekin alderatuz, esango nuke punk-rock estilotik urrundu garela eta beste rock genero batzuen nahasketara jo dugula. Esaterako, Aingurarik ez kantuari estudioan Rolling deitzen genion, instrumentalki, Rolling Stones taldeari keinutxoa egin diogu eta. Era berean, hasieratik genuen taldekideak zale garen ZZ Top eta beste talde batzuen eraginez western-rock kutsua emateko gogoa, eta, esango nuke diskoan keinu batzuk badirela".
Gaztain estudioan grabatuta
Euren lagunak diren Rodeo taldekoek gomendatuta joan ziren Zestoako Gaztain estudiora grabatzera. "Ez genuen oso argi norekin grabatu, eta Eñaut Gaztañagaren lana goraipatu zigutenez, harengana jo genuen; eta egia esan, asmatu dugu; oso gustura ibili gara; oso gertuko pertsona eta sekulako profesionala da. Bost egunetan izan ginen estudioan, eta ondorengo nahasketak eta konponketak ere han egin ditugu, pozik".
Taldekide guztiek batera grabatu zuten lehenengo diskoa; oraingoan, baina, instrumentu eta ahots bakoitza bere aldetik grabatzearen aldeko apustua egin dute, eta abeslariak dio horretarako oso lagungarria izan zela Aretxabaletako Kuartelean Asel Errastirekin aurrez grabatu zuten maketa. "Aselekin konfiantza dugu, askotan etorri da gurekin kontzertuetara, txofer moduan eta tekniko laguntzaile moduan ere bai. Diskoa grabatu baino hilabete lehenago grabatu genuen demo hori. Nik apenas egin nuen han gauza askorik, kantuak oraindik guztiz bukatu gabe nituen-eta, eta beste taldekideak ibili ziren Aselekin buru-belarri. Lineaz grabatzeko, hau da, instrumentu eta ahotsak bakoitza bere aldetik, oso garrantzitsua eta lagungarria da aurrez bildumaren oinarrizko egitura sortuta izatea".
Diseinua eta bideoklipak
Diskoaren diseinua eta, orokorrean, kantu berrien iruditegia ere ondo zaindu dute; etxean eta etxekoek egin dute dana. "Merchandising-ean diru asko gastatu dugu, eta biniloan ere ateratzeko gogoak aurrekontua murriztu digu; hortaz, diskoaren diseinua nik egin dut; gure argazkiekin osatutako muntaia bat da azalean ikusiko duzuena".
Ikus-entzunezkoak egiten ere abilak dira, eta hala erakutsi dute dagoeneko sarean ikusgai dagoen Inertzia kantuaren bideokliparekin. "Aurreko diskoaren aurkezpen kantua ikus-entzunezkoarekin batera aurkeztu genuen, eta ondo funtzionatu zuenez hala egin dugu orain ere. Pletina Films zigilupean ekoiztu dugu eta, dirudienez, gustukoa izan da, zoriondu egin gaituzte eta. Beste bideoklip bat egiteko asmoa ere badugu, eta abenduaren 22an dugu errodatzeko eguna jarrita".
Dozena bat kontzertu, lotuta
Erronka handia izaten da, musikari askorendako, lan argitaratu berriak aurkezteko aretoak aurkitzea; zorionez, baina, ez da hori The Claytonen kasua. "Danbaka lehiaketa bultzada handia izan da guretzako eta hainbat kontzertu egiteko deitu ziguten, nahiz eta gu sorkuntzan bete-betean sartuta geunden. Eta orain ere, gertuko musikari askok ez moduan, dei asko ari gara jasotzen; apirilera bitartean hamabi kontzertu ditugu dagoeneko lotuta, esaterako, abenduaren 15, egubakoitza, Oñatiko Letagin taldearekin izango gara Bermeoko kafe antzokian. Hainbat proposameni ezezkoa eman diegu, besteak beste, Peio gitarra-jolea Zaragozan ari da-eta ikasten, eta ezin diogu astero hona etortzeko eskatu. Aurreko asteburuan, Arrasateko Gaztetxeko elkartasun kontzertuan izan ginen, eta han erakutsi genituen lau kantu berri. Harrera ona izan zuten publikoaren partetik, nahiz eta teknikoki ez ginen guk gura besteko fin ibili, apenas izan dugu-eta entseatzeko astirik".
Jokin Bereziartua (Danbakako koordinatzailea): "Gozamena da eurekin lan egitea"
Danbaka lehiaketako koordinatzailea "pozik" da The Clayton taldearekin egindako elkarlanarekin.
Entzun dituzu kantu berriak?
Entzunaldi asko ez dizkiet eman, baina entzun dudana asko gustatu zait; banekien rock-and-rolla egiten itzelak direla, eta, bereziki, idatzi dituzten hitzek harritu naute. Euskararen aldeko apustu garbia eta landua; bejondeiela!
Grabaketa prozesua jaso duzue kamara aurrean.
Erreportaje bereziari azken ukituak ematen ari gara; datozen asteetan argitaratuko dugu. Protagonista diskoa da. Taldeko kideak eta eurekin lan egin duten bi teknikari eta Danbakako epaimahaikide bat elkarrizketatu ditugu.