Alkateak legebiltzarrera eraman du Aramaioko osasun zerbitzuari buruzko kexa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urr. 18a, 17:09

Aramaioko alkate Iban Herrarte Legebiltzarreko osasun batzordean izan zen urriaren 11n.

Aramaioko alkateak Legebiltzarreko osasun batzordera eraman du Aramaioko osasun zerbitzuari buruzko kexa. Iban Herrarte alkatea urriaren 11n izan zen Legebiltzarrean, eta herriko osasun zerbitzuan dauden gabeziak azaldu zituen.

Lehenengo, testuingurua azaldu zien batzordeko kideei: aramaioarren % 25ek 65 urte baino gehiago dituztela, eta horrez gainera, 43 lagunek menpekotasunen bat dutela nabarmendu zuen.

Abuztuan mediku gabe

Batzordekideei azaldu zien 2023ko abuztu osoa medikurik gabe egon dela Aramaio, eta erizaina ordutegi murriztuarekin aritu dela −2022ko udan ere egoera antzekoa izan zen−. Alkatearen ustez "arazoa ez da abuztura mugatzen"; izan ere, aurtengo urtean tarte luzeetan ez dute medikurik izan Aramaion.

Ahaztuak sentitzen direla nabarmendu zuen

Gaineratu zuen aramaioarrak arduratuta daudela egoerarekin, eta "anbulatorioa itxiko ote den beldurra" ere badagoela herrian. Azkenik, alkateak nabarmendu zuen herri txikien testuinguruan, azpiegitura handiak egiteko –AHTa, eolikoak…– gogoan izaten dituztela; oinarrizko zerbitzuak bermatzeko –posta, osasuna…–, aldiz, ahaztuak sentitu ohi direla herri txikietako biztanleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak