Egun bat besterik ez da falta Aramaioko San Martin jaiak hasteko eta kalean nabari da festa usaina. Egun hauetan, herriko gune nagusietan azken prestaketa lanetan dabiltza, eta herriko tabernetan, esaterako, hornitzaileen joan-etorria nabaria da. Herritarren artean, festa giroan murgiltzeko gogoa dago: "Dagoeneko jaien atarian gaude, eta ondo pasatuko dugu. Larunbatean kontzertuak izango ditugu, eta eta berbapasia ere oso ondo dago", nabarmendu dute.
Bihar, arratsaldean lehertuko da festa Aramaion. Maiatzaren 28an ateak itxi zituen Dukiena jatetxeko jabeak diren Edurne Isazelaiak eta Dioni Elorzak izango dute aurtengo jaietako txupinazoa botatzeko ardura. Ondoren, pregoia irakurriko dute udal ordezkariek, eta Anbotoko Mariren etorrerarekin, festa giroan murgilduko dira aramaioarrak. Orain dela bi aste kargua hartu zuen Iban Herrarte gogotsu dago lehen aldiz alkate bezala jaiak ospatzeko: "Zorionez, aurreko udalbatzako kideek lan ia guztia eginda utzi ziguten, eta gogotsu nago jaiak hasteko".
Egitarauari dagokionez, urteroko hitzorduak diren patata tortila lehiaketa eta kuadrillen arteko pikeaz gain, askotariko kontzertuak izango dira San Martinetako osagai nagusietako bat. Aramaixoko Txosna Batzordeko Markel Alburkerke mintzatu da hauen inguruan: "Ostiralean, txupinazioaren ondoren kontzertuak izango ditugu. Zapatuan, arratsaldean, Green Grass festibala izango dugu, eta gauean kontzertuak. Domeka lasaia izango da, eta astelehenean, bukatzeko DJak", azaldu du.
Uztailaren 3an, astelehenean izango da herri afaria, eta giro ona ziurtatuta dago. Horrez gain, haurrentzat ere eskaintza zabala egongo daela azaldu du Aramaioko Udaleko Kultura zinegotzia den Libe Ramilak: "Egitaraua webgunean dago, eta saiatu gara ahalik eta anitzena egiten. Goizetan, umeentzako jolasak, puzgarriak egun ezberdinetan, antzerkiak, bakarrizketak... Aurreko udalbatzako kideek egindako lana ere eskertu behar dugu", nabarmendu du.
Bestalde, San Martinak indarkeria matxistarik bariko jaiak izan daitezen, Aramaioko Udalak eraso matxistarik gabeko jai batzuen alde egin du. Horrela, emakumeenganako indarkeria matxistaren aurrean kontrako jarrera aktiboa izateko dei egin du Libe Ramilak: Aurreratu egingo dut, izan ere, pregoian ere komentatuko dut, indarkeria sexistak ez duela tokirik ez Aramaion eta ez inon; lasai bizitzeko eskubidea dugulako emakumezkoek, eta bai jende guztiak. Gabean ez dakit zer gertatzen den, jendea astoratu egiten dela. Uste dut hori ez dela onargarria, eta Gazte Asanblada ere protokolo batekin ari da, eta lanean ari gara", adierazi du.
Goienak, jarraipen berezia
Goienak, urtero bezala, jarraipen berezia egingo die San Martinei eta hala, bihar bertan, festen hasiera zuzenean jarraitu ahal izango da 18:45etatik aurrera.