Kontsumo ereduen gainean hausnartzeko garaia iritsi dela nabarmendu dute Aramaion

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko abe. 15a, 13:56

Aramaixo Bizirik taldeak antolatuta Benetako trantsizio energetikorantz hitzaldia egin zuten atzo Aramaioko kultura etxean.

Trantsizio energetikoari buruzko hitzaldiak interes handia piztu du herrian. Horren erakusle da atzoko Aramaixo Bizirik taldeak antolatutako hitzaldia entzuteko bete egin zela kultura etxeko aretoa. Aramaixo Bizirik taldeko kide Beñat Arregik azaldu zuen badirela hilabete batzuk gaia lantzen dabiltzala, eta, bide horretan, Itsaraz eta halako proiektuen aurrean beste alternatiba batzuk ikusarazi nahi dituztela. "Statkraft enpresak euren proiektua saldu zuen eta guk uste dugu errealitatea beste bat dela, eta mezu hori helarazi nahi diogu herriari", azaldu zuen, eta gehitu: "Guk ez dugu gure herrian proiektu hori egitea gura; hortaz, hainbat ekintza egingo ditugu... Asmoa da herri mailako asanblada bat egitea eta herritarren iritzia zein den jakitea". Beste urrats batzuk ere egin nahi dituzte euren zirkulua "herrira zabaltzeko".

Nabarmendu zuen atzoko hitzaldiak izan zuen harrera ikusita nabarmena dela jendea arduratzen duen gaia dela.

"Muga gainditu egin da"

Alvaro Campos, EHUko Energien Departamentuko irakasle eta ikerlaria; Josebe Blanco, baserritarra; eta Iñigo Leza Arabako Mendiak Askeko partaidea izan ziren hizlariak. Camposek hartu zuen hitza lehenengo. Orain arteko sistema erregai fosiletan oinarritu izan dela azaldu zuen eta horrek sistema zentralizatua eta kontsumitzaile indibidualak eta pasiboak ekarri dituela gehitu zuen. "Baina sistema muga batzuetara iritsi da. 70eko hamarkadan gainditu genuen planetak duen berritze gaitasuna", zioen. "Erregimena aldatzeko garaia iritsi da; fluxu berriztagarrietan oinarritu behar dugu;horrek ekarriko du sistema deszentralizatzea, eta, gainera, kontsumitzaileak ekoitzi ere egingo du", nabarmendu zuen. Camposen esanetan, hiriaren ardura izan beharko litzateke berriztagarriak integratzea; modu horretan parke egokituen alde eginez, megaparkeen aurrean.

Landa eremuaren funtzioa

Josebe Blancok landa eremuaren alde egin zuen: "Dirua egiteko eta ustiatzeko tokiak dira landa eremuak gaur egun; eta non geratzen da berezko funtzioa? Non geratu da elikadura?", eta nabarmendu zuen: "Nire iritziz, janaria sortzeko lurrak, abeltzaintza, zerealak, baratzeak... mimatu eta zaindu egin beharko genituzke. Geure buruari ezarri beharko genioke ezin dugula industrializatu, ezin dugula porlanez estali hektarea bakar bat ere gehiago. Kontsumitzaile moduan kontsumo ereduen gainean hausnartu beharko genuke. Oinarria oso ahaztuta dugu, baina, hasiko bagina platerean zer daukagun ikusten eta jaki bakoitzaren bidean arakatzen, ikusiko genuke, agian, gure bizitzarako nahiko ez genituzkeen gauza asko".

Eolikoen ondorioak

Iñigo Lezak horrelako parke eoliko bat jartzeak ekarriko lituzkeen ondorioak azaldu zituen: "Saltzen digute inpakturik gabeko proiektu bezala, baina inpaktu handia dute; milaka hegazti hiltzen dira, inpaktu paisajistikoa oso handia da. Aramaioren kasuan, hegoaldean egongo denez, neguan eguzkia trabatuta egongo litzateke, eta efektu estroboskopikoa deitzen dena sortu, gauez argia izango lukete errotek, zarata handia sortuko lukete, batez ere gauez asko entzungo litzatekeena... eta beste hainbat inpaktu". Sistema bera aldatzea da Lezak proposatzen duena: "Guri eskatzen dizkigute alternatibak, eta alternatiba guztion artean sortu behar dugu. Baina ez dago alternatibarik ez badugu sistema aldatzen. Jaitsi egin behar dugu gure kontsumoa eta aldatu egin behar dugu gure bizimodua; baina horrek ez du esan nahi txarragoa izango denik. Hobea ere izan daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak