Ezkor azaldu dira batzarrean batutakoak Statkraft enpresak Itsaraz proiektu eolikoari buruz emandako azalpenekin

Hasier Larrea 2022ko aza. 16a, 20:30

Energia berriztagarrien sektoreko Statkraft enpresa norbegiarreko hiru ordezkarik azalpenak eman dituzte interes handia piztu duen batzarrean. 45 minutu aritu dira euren asmoen berri ematen, eta beste ordu betez jendearen galderak eta zalantzak erantzuten.

18:00etan hasi da Kultur Etxeko batzarra, baina ordu erdi lehenago elkarretaratzea egin dute zenbait lagunek kanpoaldean Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, Itsaraz proiektuaren aurkako protesta gisa. Barruan, Statkraft-eko ordezkariek bideo bat proiektatu dute lehenengo, Zure etorkizuna erabaki ideia nabarmentzen zuena.

Proiektu eolikoaren sustatzaileek nabarmendu dute Itsaraz "garapen fasean dagoela eta oraindik ezer ez dagoela finkatuta". Izan ere, lehendabizi ingurunean eta biodibertsitatean eragingo lukeen inpaktua neurtzeko ikerketak egin behar dituzte. Hala, Itsaraz argindarraren faktura murrizteko modeloa dela azaldu dute, eta interesatuak proiektuaren jabetzaren parte izan daitezkeela. Aramaio eta Eskoriatza artean eraikitzea aproposa iruditzen zaie "haizea dagoelako, EAEn gaur egun ekoizten den energiaren erdia ekoiztuko lukeelako, eta ezer ez egiteak ere kalteak izango lituzkeelako, hemendik urrun eta baita hemen bertan".

Itsarazentzako 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute, "2026 bukaerarako aberastasuna sortzen hasteko". 25 urtetan ustiatuko lituzkete zortzi aerosorgailuak.

Herritarrak, zalantza askorekin

Azalpen orokorren ostean dozena bat esku hartze inguru egin dituzte herritarrek. Statkraften egitasmoek Norbegiako saamiei eta Txileko maputxeei eragin dieten kaltea mahai-gaineratu dute, egingo dituzten ikerketen egiazkotasuna zalantzan jarri, etorkizuna erabakitzeko tresnak zeintzuk izango diren galdetu, eta Itsarazek sortuko duen energiaren balioa, kualitatibo zein kuantitatiboa, oraindik ez dakitela aipatu, besteak beste.

Lehen sektorearekin bateragarriak diren edo ez galdetzerakoan, proiektuaren sustatzaileek baietz erantzun dute. Herritarrek alegazioak jar ditzaketela ere azaldu dute, alegazio horiei kasu egin izan dieten adibideak izendatuta.

Azken hitza Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak izango duela adierazi dute, eta ez Statkraft enpresak. Hala ere, herritar batek baino gehiagok galdetu die aramaioarrei hitza emanez gero eta aurkako jarrera nagusituko balitz, zer egingo lukeen enpresak. Erantzuna izan da erakunde publikoek ordezkatzen dituztela herritarrak.

Udalak batzar gehiago antolatuko ditu

2023 hasiera inguruan herritarren iritziak jakiteko beste bilkura bat antolatzeko asmoa erakutsi du Lierni Altuna alkateak. Udal ordezkariei gaurko batzarraren balorazioa egiteko galdetuta, erantzun dute oraindik goizegi dela ondorioak ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak