Aitor Ugarte kilometro bertikaleko Espainiako txapelduna da gazteen kategorian. Zapatuan Caceresen jokatutako lasterketan izan zen nagusi. 3,5 kilometrotako lasterketa 40:03ko denboran egin zuen aramaioarrak.
Korrikako lehenengo proba
"Oso pozik nago lortutakoarekin. Eskiko probak egiten ibili naiz aurten, eta ez dut korrikako entrenamendurik egin", azaldu du Ugartek.
Hiru kilometro eta erdiko proba izan zen, 1.050eko desnibel positiboarekin. "Bosteko taldetxotan irten ginen; normalean kilometro bertikala bakarka egiten dugu baina oraingoan bosnaka irten ginen. Bigarren postuan ibili nintzen ia denbora gehiena, lehenengoa oso indartsu irten zelako. Azkenerako, indartsu nengoela ikusi eta aurrera egin nuen. Goian hotz handia egiten zuen, haize handia zegoen eta deskantsatzeko denborarik ere ez genuen izan. Igo eta jaitsi egin ginen", dio.
Uztailean, Munduko txapelketa
Espainiako txapela lortzeak txartela eman dio Ugarteri uztailean Andorran jokatuko den Munduko txapelketa jokatzeko. 23 urtez azpikoen txapelketa izango da, eta kilometro bertikalean eta lasterketa linealean parte hartuko du.
Nesken selekzioa
Txapelketa berean, emakumezkoen nesken selekzioa, taldeka, Espainiako txapeldun izan da. Taldeko parte dira bi debagoiendar: Ainara Uribarri oñatiarra eta Ainara Urrutia aretxabaletarra.