Aramaioko Udala "arduratuta" dago azkenaldiko jarrerekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 11a, 18:00

Apurketak, pintaketak eta bestelako ekintzak gogor salatu ditu udalak. Gertatzen ari dena salatzeko kartel bat kaleratu du, eta herriko hainbat gunetan jarri. Herritarren inplikazioa eskatu dute.

Azkenaldian Aramaioko udalerrian gertatu izan diren apurketak, pintaketak eta bestelako ekintzak "gogor salatu" ditu Udalak. Herriaren eta herritarren aurka egindako ekintzak ezin direla onartu azaldu du Udalak ohar bidez.

Horrelako ekintzak eta jarrerak beti egon izan direla dio Lierni Altuna alkateak: "Baina alarma egoera kendu zenetik areagotu egin dira jarrera batzuk".

Eskolako jolaslekua

Eskolako jolaslekuan eta inguruan hainbatetan gertatu dira apurketak: orain urtebete, esaterako, jangelako atea apurtu zuten eta barrura sartu ziren. Aste bukaera askotan oso zikinduta geratzen da jolastokia –baita kristal zati txikiekin ere–. Saioa Uriarte eskolako zuzendariak dio "gai konplexua" dela: "Aurreko astean, herriko garbitzaileek sekulako lana egin zuten gu eskolara heldu ginenerako. Tutu malgua atera zuten kristalezko zati txikiak garbitzeko, eta aterpea desinfektatu egin behar izan zutela esan zidaten".

Nabarmendu du gazteek lekua behar dutela elkartzeko, eta momentu honetan eskola ingurunea dela euren elkargunea. "Ea denon artean espazio publikoen errespetuzko erabilera bat izatea lortzen dugun; eta, noski, eskola elkarlanerako prest dago", gaineratu du.

Eguneko zentroa

Bestalde, Lurgorri pasealekuan dagoen eguneko zentroaren aurka askotarikoak bota izan dituzte: patatak, mandarinak, kiwiak... Inoiz, gainera, erabiltzaileren bat kanpoaldean zegoela bota dituzte fruta-aleak.

Horrelako jarrerak ezin direla onartu salatu du Udalak.

Parkean mahai bat gutxiago

Santa Anan eta parkean zeuden sei mahaietatik bat lurretik atera zuten orain dela bi aste bukaera. Mahaia bere lekutik atera eta eskolako jolastokira eraman zuten. Udalak dio inork ez duela "ezer eskatu" ez eskolan ezta udaletxean ere.

Udala "oso arduratuta dago egoerarekin"; nahiz eta jakin "gutxi batzuen jarrera" dela, "haserrea eta amorrua" eragiten dute herrian. Egoera gelditzeko, hainbat eragilerekin lanean hasi dira. "Gazte Asanbladarekin, Guraso Elkartearekin... Eskolarekin aspalditik gabiltza gaia lantzen", azaldu du alkateak. Horren harira, herritarren inplikazioa eskatu dute.

Pintaketak salatu dituzte

Aramaioko Udalak herriko pertsonen aurka egin diren pintaketak salatu ditu. Orain dela gutxi, Kasatxokoak salatu zituzten, eta oraingoan, herrigunean egin direnak salatu dituzte. Elkarbizitzaren alde arazoak "heldutasunez kudeatzea" eskatu du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak