ALBISTEAK

Osasun egoerak eragin nabarmena izan du Aramaioko egunerokoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ots. 5a, 15:03

Herrian izan diren positibo kopurua kontuan hartuta, astelehenera arte hainbat udal eraikin itxita egongo dira. Osasun egoerak eragin zuzena izan du herrian; familia asko daude konfinatuta eta horrek ekarri du jende gutxi ibiltzea kalean.

Azken astean, gogor kolpatu du koronabirusak Aramaio. Eguenean, urtarrilaren 28an, hasi zen positibo kopuruen goranzko joera; ordutik, 30 bat kasu atzeman dira. Nabarmendu behar da positibo kasu asko San Martin eskolan atzeman direla; hori kontuan hartuta, Osakidetzak baheketa orokorra egin zuen atzo eskolan. Atzora arte froba egin barik zuten ikasleak deitu zituen Osakidetzak; hogei bat izan ziren.

Modu horretan, egon daitezkeen kasu positibo asintomatikoak atzeman nahi dituzte. San Martin eskola zabalik dago, baina hainbat gela itxi egin behar izan dituzte. Atzo jasotako datuen arabera, HH, LH-1-2 eta LH-4 gelak zeuden itxita; LH-3 eta LH-6 geletan, batzuk etxetik ari ziren lanean eta beste batzuk gelatik; eta LH-5 gelan gehienak modu presentzialean zeuden.

Eskolarekin lotura zuzena

Egoera hori dela eta, udal ordezkariek batzarra egin zuten martitzenean: erabaki zuten eskolako jardunarekin lotura zuzena duten hainbat udal eraikin ixtea: musika etxea, kiroldegia, entsegu lokala eta kultura etxea. "Zuzenean ez dugu informaziorik jaso, baina, egoera ikusita, erabaki dugu astelehenera arte dena ixtea. Ahalegin bat egitea erabaki dugu. Astelehenean ikusiko dugu zeintzuk diren datuak, eta orduan erabakiko dugu zer egin", dio Lierni Altuna alkateak.

Udal eraikin horiek ixtearen ondorioz, horietan eskaintzen diren jarduerak ere bertan behera geratu dira; besteak beste, eskola-kirola.

Eguneko zentroa eta udaletxea zabalik egongo dira; eta liburutegiko mailegu zerbitzuak ere orain arteko moduan funtzionatuko du, betiko ordutegiarekin.

Herrian izan duen eragina

Egoera horrek eragin zuzena izan du herri osoan. Aramaiok gaur egun duen intzidentzia tasa altua da –500etik gorakoa–; hala ere, 5.000 biztanletik beherako herrietan hiru aldagai hartzen dira kontuan herri hori gorria den edo ez zehazteko: 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia-tasa gainditzea, azken zazpi egunetan hiru kasu edo gehiago erregistratzea eta dagokion osasun eremua ere gune gorrian kokatzea. Lehenengo bi aldagaiak betetzen dira; ez, ordea, hirugarrena. Debagoieneko ESIren baitan dago Aramaio, eta, azken datuaren arabera, eremu horian dago Debagoieneko ESI. Hori horrela, Aramaioko ostalaritza establezimenduek ez dituzte ateak itxi behar izan.

Gaur zabalduko dute sagardotegi denboraldia

Kontuak kontu, egoerak eragina izan du herri osoan. Familia asko dira etxean konfinatuta daudenak, eta horrek ekarri du kaleak hutsik egotea, eta, ondorioz, eragina zuzena izan da ostalaritzan. Añai tabernako Mikel Pereirak hauxe dio: "Hasiera batean, uste genuen taberna itxi beharko genuela, intzidentzia tasa oso handia delako. Zabalik dugu, baina egoera ez da ona: gurasoak, aitona-amonak... etxean daude. Herria hutsik dago".

Iturrieta sagardotegian gaur dira denboraldia zabaltzekoak: "Sagardo berriaren irekiera atzeratu genuen otsailera, baina, tartean, itxiera perimetrala ere ipini dute. Hortaz, zabalduko dugu, baina aramaioarrak bakarrik etor daitezke, eta ez dakit zabalik denbora luzean mantendu ahal izango dugun. Gainera, orain dugun egoerarekin... Nik badauzkat aste bukaerarako erreserba batzuk. Horiei emango diet, eta gero, ikusiko dugu zer gertatzen den. Izan ere, argia, berogailua... mantendu egin behar dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak