Azken asteetan kezkatuta egon dira bai udal ordezkariak eta baita herritarrak ere Aramaioko osasuneko lehen arreta zerbitzuarekin. Konfinamendu garaian mediku titularrak baja hartu zuenetik ez da medikurik egon Aramaion lanaldi osoan. Egoera horrek ezinegon handia sortu du herrian.
"Osakidetzak kontsulta telefonikoak egiten ditu, eta hori atzerapausoa da, ez bakarrik Aramaion, herri guztietan", azaldu du Lierni Altuna alkateak. "Aramaioko kasuan, gainera, lanaldi osotik hiru ordura pasa zuten medikuaren jarduna: horrek arazoak sortu ditu, eta baita ezinegona herritarren artean ere".
Azken berria da Aitor Montes mediku titularra itzuli egin dela: "Lanaldi osora izango dugu medikua. Lehentasunezko gauza asko atzeratuta daude, eta berri ona da mediku titularra itzultzea". Dagoeneko anbulatorioan lanean dago.
Udalbatzak egindako eskaera
Orain dela bi aste udalbatzak aho batez onartu zuen Debagoieneko OSIri eta Jaurlaritzako Osasun Sailari eskaera egitea. Legez Aramaiori dagokion lanaldi osoko medikua eta erizaina eskatzeaz gain, egon daitezkeen aldaketen berri udal ordezkariei jakinaraztea eskatu zuten. "Eskaera bideratuta dago eta erantzuna ere jaso dugu: baja asko dituztela, medikurik ez dagoela... erantzun digute", dio Altunak. "Gertatu izan da asko kostatu ondoren aurrez aurreko hitzordua lortzea medikuarekin; eta pazientea kontsultara etorri denean medikurik ez zegoela ikustea. Uste dut badaudela gutxieneko batzuk, eta hori izango litzateke, adibidez, jendea informatuta izatea", gaineratu du Altunak. Aurrerantzean horrelakorik ez gertatzeko esperantza du Altunak; eta baita atzeratuta geratu diren hainbat gairi irtenbidea emateko ere: "Dependentziako azterketak atzeratuta daude, medikuaren presentzia eskatzen dutenak. Ea horiei irtenbidea ematen diegun lehenbailehen".
Herritarrak ere kezkatuta
Mertxe Nafarrete herritarrak azaldu du kezkatuta egon direla egoerarekin: "Koronabirusa badago, baina badirudi hori aitzakia moduan erabili dutela. Telefono bidez ezin da eman zerbitzu onik; izan ere, medikuak ikustea ezinbestekoa izaten da diagnostikoa egiteko orduan". Jesus Mari Elejalde ere iritzi berekoa da: "Eskatzen digute gure egoeraren balorazioa egiteko, baina gu ez gara medikuak".