Udalbatza kezkatuta dago osasuneko lehen arreta zerbitzuaz

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko aza. 5a, 20:00

Eskaera formala egin dio Aramaioko Udalbatzak OSI Debagoienari eta Jaurlaritzako Osasun Sailari Aramaioko anbulatorioko zerbitzuaren gainean. Ratioak errespetatzea eta Aramaiori dagokion medikua ezartzea eskatu dute; eta baita informatuta egotea ere.

Azkeneko osoko bilkurako gai zerrendan ez zegoen arren, urgentziaz sartu zuten osasuneko lehen arreta zerbitzuaren gaia osoko bilkuran. Azkenaldian Aramaioko anbulatorioan gertatzen ari denaz kezkatuta agertu ziren. Aramaiori, legez, mediku bat eta erizain bat dagozkio lanaldi osoan. "Baina mediku titularrak baja hartu zuenetik ez dugu izan medikurik lanaldi osoan; medikua izan dugunetan lanaldi erdian izan da, eta kasu askotan hori ere ez", azaldu du Cristina Etxenausia zinegotziak.

Murrizketak salatu dituzte

Ez dutela lehen arreta zerbitzuaren gaineko inolako informaziorik jaso azaldu du: "Inork ez dio Udalari jakinarazi, eta, guk dakigula, publikoki ez da esan, baina orain, lehen arreta hori telefonikoa da. Hori murrizketa bat da eta ezinegon handia ari da sortzen gaixoen artean; zer esanik ez, pertsona nagusien artean".

Gaineratu du medikuak bi edo hiru egunera deitzen duela kontsulta telefonikoa egiteko. "Horrek ekarri du jende asko minez egotea inongo erantzunik gabe", azaldu du zinegotziak. Horrez gain, pertsona askok aurrez aurreko kontsulta izan arren, anbulatoriora joan eta medikurik ez zegoela ikusi dute.

Miren Astaburuaga farmazialariak ere egoera kaskarra dela aitortu du: "Deitu, eta hitzordua hiru egun barrurako ematen dute. Hala, medikazioen preskripzioa iraungi egiten zaie, eta aurreratzen ibili behar izaten dugu". Jende nagusiarendako, batez ere, egoera txarra dela dio.

Jendea informatuta izatea

Udal ordezkariek azaldu zuten ulertzen dutela pandemiak egoera zaildu duela, baina jasaten ari diren murrizketak eta komunikazio falta salatu zuten. Ezinbesteko ikusten dute jendea informatuta eta ondo artatuta izatea. Gogora ekarri nahi izan dute COVID-19az gain badaudela beste gaixotasun batzuk.

Hori guztia kontuan hartuta, udalbatzak aho batez onartu zuen OSI Debagoiena Ospitalera eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera bidali beharreko eskaera: legeak ezartzen dituen ratioak errespetatuz medikua lanaldi osoan jartzea berriro ere Aramaion; Osasun Sailaren irizpide berriak zeintzuk diren jakitea eta telefonoz lehen arreta nola ezarri den idatziz jakinaraztea; telefonoz jendea artatzen behar den gehienezko denbora zein den jakitea; medikua edo erizaina ez baldin bada egon behar azken momentuko arrazoiengatik, txanda hartuta daukan jendeari abisatzea eta ahalik eta azkarren beste txanda bat ematea; Udalak Aramaioko anbulatorioan gertatzen diren murrizketa, aldaketa edo moldaketen informazio zuzena izatea, herritarrak ere informatuak mantendu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak