HEMEN DEBAGOIENA

Munduko onenak ikusteko gogoz geratu dira herri kiroletako jarraitzaileak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko uzt. 6a, 13:47

Jaietan ohiko bilakatu den herri kirol erakustaldirik ez da egingo aurten; eta, ondorioz, munduko sokatira txapeldunak ikusteko aukerarik ez da izango.

Orain dela hiru bat urte hasi ziren Badaiotz elkarteko kirolariak Aramaioko jaietako erakustaldia egiten. "Denboraldia bukatzen dugunean, erakustaldiak egiten ditugu. Ohikoena izaten da herritarren batek taldeko norbait ezagutzea eta haren bidez egitea eskaera", azaldu du Badaiotz taldeko kirolari Ruth Cayerok. Badaiotz taldea sokatira taldea da; eta, gainera, horretan dira munduko onenak. Hala ere, sokatira denboraldia bukatu ostean, herri kirolak entrenatzen hasten dira.

"Eskaintzen ditugu herri kirol mota asko; normalean, emakumeak ikustera ohituta ez gauden jokamoldeak, gainera. Fardoak altxatzen ditugu, ingudea, trontza, lokotx-biltzea, sokatira...", dio Cayerok. Antolatzaileek ematen dieten denboraren arabera eta plazak berak dituen mugen arabera erabakitzen dute ze kirol mota eskaini.

Aramaio, plaza ona

Aramaioko jaietako domekan egiten dute erakustaldia, eta plaza jendez betetzen dela dio Cayerok: "Plaza jendez lepo betetzen da eta giro atsegina egoten da. Gainera, oso ondo tratatzen gaituzte Aramaion". Giro beroa eta atsegina egoten den plaza dela kontuan hartuta, Badaiotz taldeko kirolariak "penaz" geratu dira aurten erakustaldia egiteko aukerarik ez izateagatik. Nabarmendu du: "Aramaioarrek badakite guk zer egiten dugun eta horren zain egoten dira". Bizente Goikoetxea plazara irteten direnak, gainera, ez dira Badaiotz taldeko kirolariak bakarrik izaten. Herritarrak ere animatzen dira munduko onenen aurka egitera.

Herritarrekin "pikea"

Cayerok dio saiatzen direla kaleko jendeak erakustaldian parte har dezan: "Sokatira tiraldi bat egitera animatzen dugu jendea. Lehen urtean taldetxo bat batu genuen eta badakigu orain itxaroten egoten direla gure aurka berriro ere egiteko. Giro atseginean egiten dugu tiraldia". Nabarmendu du kaleko oinetakoekin sokatira egitea "arriskutsua" ere izan daitekeela; eta "pikea" egoten dela talde bakoitzean zenbat pertsona jarri erabakitzerakoan.

Normalean Badaiotz taldeko neskak izaten dira lehia horretan nagusi.

Irlandatik, dominekin

Aramaiora ez dira etorriko, eta beste herri batzuetako erakustaldiak ere bertan behera utzi dituztela dio, jairik ez delako egingo. Pena dute, aurtengo urtea oso ondo hasi zutelako: "Irlandako Letterkenny herrian jokatutako Munduko Sokatira Txapelketan oso emaitza onak lortu genituen. Pozik gaude, dena ondo atera zelako; izan ere, gerta daiteke oso ondo prestatuta joatea eta ezer ez irabaztea". 540 kiloko mailan, Beti Gazte talde nafarrari irabazi zion finala Badaiotzek; eta 500 kiloko mailan, Taiwango Jingmeiri: "Nabarmendu behar da Taiwango taldeari irabazi dion elkarte bakarra garela. Profesionalak dira, sokatiran kontzentratuta bizi dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak