ALBISTEAK

Probintzia batetik bestera joateko iragarritako debekua ez dago indarrean

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 4a, 14:59

Pedro Sanchezek probintzien arteko joan etorriak debekatuko zituela iragarri zuen apirilaren 29an egindako prentsa agerraldian. Hala ere, Ertzaintzak eta Aramaioko alkateak argitu dute, gaur gaurkoz ez dela argitaratu halako joan-etorriak debekatzen duen araudirik.

Apirilaren 29an Espainiako Gobernuak aditzera eman zuen lau faseko sistema, gutxika, "normaltasun berrira" hurbiltzen hasteko. Fase horiek probintziaz probintzia martxan jarriko zirela iragarri zuen Pedro Sanchezek, probintzia bakoitzak duen sendatze mailaren edo erritmoaren arabera. 

Probintziaka antolatze horrek polemika eragin du maila politikoan, eta nahasmena eragin du ere, probintzia ezberdinen arteko mugikortasunarekin lotuta. Iragarri zituzten neurrien artean, probintzia batetik besterako joan etorriak debekatu egingo zirela esan zuten, bi kasutan izan ezik: lanera joateko, edo gertuko senitarteko bat hilez gero. 

Aramaioren kasuan, adibidez, eragin zuzena izango luke arau horrek: Gipuzkoarekin mugan daudelako, eta oinarrizko behar batzuk asetzeko Arrasatera joan beharra izaten dutelako: erosketa jakin batzuk egiteko, edo medikuarengana joateko, adibidez.

Hala ere, bai Ertzaintzak eta baita Aramaioko alkateak argitu dute, une honetan ez dagoela indarrean probintzia batetik bestera mugitzea debekatzen duen araudirik. 

"Estatuko Aldizkari Ofizialean ez da araurik argitaratu horri buruz, eta Aramaion hasieratik eduki dugu aukera herrian erosi ezin dezakeguna inguruko herrietan erosteko. Ertzaintzarekin hitz egin dugu horri buruz, eta esan digute ez dagoela arazorik" adierazi du Aramaioko alkate Lierni Altunak.

Antzerako adierazpenak egin ditu ere Deba-Urola Ertzain-etxeko hurbiltzaile David Mekolaldek: "Estatuko Aldizkari Ofizialean ez da halako debekurik argitaratu orain arte. Errege-dekretu bidez ezarritako alarma egoera maiatzaren 9ra arte dago indarrean, eta bertan jasotzen denez gertuen ditugun establezimenduetara joan behar gara oinarrizko beharrekin lotutako erosketak egitera. Errege dekretu horri ministro-aginduak gehitu zaizkio, adibidez, haurrak kalera irten ahal izateko, edo kirol aktibitateak egitea arautzeko, eta horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean daude argitaratuta".

Kirola egitea arautzen duen ministro-aginduak, adibidez, espresuki debekatzen du norbera bizi den herritik ateratzea. Baina esan bezala, erosketak egiteko edo medikura joateko, gaur gaurkoz ez da araurik argitaratu, probintzia batetik bestera joatea debekatzen duenik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak