Apirilaren 29an Espainiako Gobernuak aditzera eman zuen lau faseko sistema, gutxika, "normaltasun berrira" hurbiltzen hasteko. Sistemak argi dio probintzien arteko bidaiak debekatuta daudela, eta hori ez betetzeak zigor ekonomikoa dakar. Laugarren fasean sartzerakoan ahalbidetuko dituzte probintzien arteko bidaiak –betiere, bi probintziak sendatze erritmo berean badaude–, eta, kasurik hoberenean, eszenario horretara ekaina erdialdean heltzea aurreikusten dute agintariek.
Gauzak horrela, probintzien arteko mugetatik gertu bizi diren herritarren mugikortasuna mugatuta egongo da behin-behinean, eta Aramaio bezalako herri txikietan eragozpenak nabariak dira. Legeak bi salbuespen ezartzen ditu probintzia batetik bestera joan ahal izateko: lanera joatea edo gertuko senitarteko baten heriotza. Hala, medikuarengana joateko edo herrian ez dagoen produktu bat erosteko, Aramaioko biztanleak ezin daitezke Arrasatera joan, Gasteiza edo Legutiora, baizik.
"Supermerkatu handi batera joan nahi badugu, Gasteizko Boulevard-era, adibidez, 25-27 kilometro egin behar ditugu, eta Arrasatekoak bederatzi kilometrotara ditugu" dio herritar batek. "Aramaion bizi izanda, guri behintzat, legea oso gaizki datorkigu. Arrasate zazpi kilometrora edukita, Gasteiza joan eta 30 kilometro egin behar izatea, eragozpen handia da guretzat" dio beste aramaioar batek.
Erosketekin lotuta, Aramaion bertan badituzte hainbat zerbitzu, baina herritarrek diote astean behin erosketa orokor bat egiteko beharra izaten dutela, ez dutelako egunerokotasunean behar dituzten produktu guztiak herrian eskuratzeko aukerarik: "Herrian bertan baditugu zerbitzu batzuk: Kintelena, harategia, eta arrandegia. Baina erosketa handi bat egitea nahi baduzu, edo gauza konkretu batzuk erosi nahi badituzu, Arrasatera joan behar duzu nahitaez, eta hori galaraztea traba da guretzat".
Herritar batek dio, herriko dendak topera dabiltzala egunotan, eta ez dela hain erreza bertan nahi den hori erostea: "Hiru dendak lan eta lan ari dira. Baina, batzuetan, ez baduzu aldez aurretik enkargatu, ezer gabe geratu zaitezke. Arraina edo haragia behar badituzu, hobe aldez aurretik eskatzea, bestela...". Batek baino gehiago nabarmendu du, herriko dendetako prezioak beste leku batzuetakoak baino altuagoak ere badirela: kalitatezko produktua, bai; baina ez merke-merkea.
Koronabirusarekin lotutako erabakiak eta arauak "modu zentralistan" hartzen direla adierazi dute, eta "salbuespenak egiteko malgutasuna" bota dute faltan.
"Krisi guzti hau Madriletik zentralizatu da, eta leku askotan, hartutako erabakiek ez dute zentzu handirik. Aramaion gertatzen da, ezin garelako Arrasatera joan, baina ez hemen bakarrik. Begiratu Trebiñu, adibidez. Berez Burgosekoak dira, baina Burgosera joan behar erosketak egitera? Edo bankuko eragiketa bat egitera? Ez du zentzurik" dio herritar batek. "Gure kasuan, mugatik hain gertu egonda, zergatik ez digute uzten mugatik 50 kilometrora bizi garenoi probintziz probintzi mugitzen? Ez gara Donostiaraino joateko eskatzen ari, baina oinarrizko erosketak edo betiko medikuarengana joateko, ondoko herrira joaten utzi beharko ligukete" adierazi du beste batek.