ALBISTEAK

'Epaitzaile' ez diren balkoiak, zapi gorriz

Julen Iriondo 2020ko api. 2a, 16:23

Kalera irten denaren arrazoiak ezagutu gabe, haiekiko, han eta hemen, ematen ari diren jarrera desegokien aurrean Zapi gorriak leihoetan ekimena jarri dute martxan Zaintza Sareak eta Talde Feministak, "eraso" gabeko "espazio seguruak" sortzeko.

Ekimena aurkezteko bultzatzaileek atera duten oharrak azaltzen du askotarikoak direla, garai berezi hauetan, etxeetan bizi izaten ari diren egoerak. "Horregatik, jarrera epaitzaileak alde batera utzi eta elkartasunari helduz, bakoitzaren beharrak ulertu eta elkar laguntzeko espazio bihurtu behar ditugu kaleak, auzoak eta bebarruak. Beharra duten horientzat espazio seguruak sortuz –bizilagunen arteko eraso eta epairik gabekoak–", dio Aramaixoko Zaintza Sareak eta Talde Feministak argitaratutako oharrak.

Espazio seguru horiek –edo horiek sortzeko konpromisoa– balkoi eta leihoetan zintzilikatutako zapi gorrien bidez identifikatzea proposatzen dute ekimenaren bultzatzaileek, eta hori egitera animatzen dituzte, ondorioz, aramaioarrak. "Hori ere komunitatearen osasuna zaintzea baita; eta hori ere denon ardura baita", diote.

Honez gain, eta Aramaion "horrela" bizi ez dutela aitortuta ere –ekimeneko kide Irati Mujikak–, beste leku batzuetan "gisa orotako polizia" herritarrak "mehatxatzen, iraintzen eta zigortzen" ari dela diote idatzian: "Jendea beldurrez dagoen garaian eta egoera ekonomiko txar batean murgiltzen ari garenean, isunekin mehatxatzea ez da jendea zaintzea", dio, horren harira, Mujikak.

Zapiak, "ugaritzen"

Ekimeneko kidearen arabera, Aramaion ere gertatu dira egunotan epaitzeak, balkoi eta leihoetatik: "Kalean dagoen hori epaitua sentitu da behin baino gehiagotan, leiho edo balkoietan zeuden beste batzuengandik. Eta zapi gorri hauekin hori nahi dugu: 'Nik ez zaitut epaituko kalean zaudelako edo kalean ez dakit zer egiten ari zarelako'. Bakoitzaren beharrak ulertzen saiatzea nahi dugu, esan beharrean 'Etxean egon behar da!'; ze, 'kalean zertan ari naizen badakizu?".

Aramaion balkoi eta leihoetan zapi gorriak dituzten etxeak "pixkanaka ugaritzen" doazela dio Mujikak: "Oraintxe, etxetik, bat edo beste ikusten ditut". Eta, horrez gain, beste leku batzuetan ere sortarazi du interesa: "Aretxabaletako gazte batzuk ere zerbait martxan jartzekoak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak